AKTUALITATEA


| 2021-05-24 14:27:00

EH Bilduk Gatzaren Matxinadan jazarritako herritarrak gogoratu ditu gaur lore eskaintza xume baten bidez. Omenaldira bertaratutakoek krabelin gorri bana jarri dute San Anton elizako oroitarriaren azpian, Bilboko Udaletxe zaharra zegoen lekuan.

1631 eta 1634 urte artean luzatu zen matxinada hura ez zen izan gatzaren inpostuaren igoeraren kontrako protestaldi soil bat, Espainiar Erresumaren asmo zentralisten kontrako eta Bizkaiko foruen aldeko altxamendu herritarra baizik.

Horregatik, EH Bilduk garai hartako krisialdi politiko, ekonomiko eta sozialaren eta gaur egungo egoeraren arteko zenbait lotura nabarmendu nahi izan ditu. “Egun asko dira beren eskubideen alde borrokatzen ari diren langileak, besteak beste, Tubacex, Petronor, PCB, H&M eta COSeko langileak, eta, hemen Bilbon, argiteria publikoko langileek 28 egun daramatzate greban", adierazi du Jone Goirizelaia, EH Bildu Bilboko bozeramaleak.

“Politika publikoetan garrantzi handiko aldaketa premiazkoa den arren, Udal Gobernuak zaharkituta geratu diren bere politikekin jarraitzen du, eliteen, enpresa handien, konstruktoreen eta enpresa aholkularien interesei erantzuten jarraitzen du, baita ekitaldi handien politikarekin ere, oinarrizko zerbitzu publikoak desegiteko eta pribatizatzeko bidean aurrera egiten duen bitartean ", kritikatu du.

Goirizelaiaren esanetan, EH Bilduk beste eredu bat defendatzen du, “langileen eskubideak defendatuko dituena eta Bilboko bizilagunak eta auzoak erdigunean jarriko dituena, auzoak aintzat hartuko dituena eta haien beharrei erantzungo diena".

Azkenik, pandemiaren ondorioak gehien pairatzen ari diren herritarrak omendu nahi izan ditu Goirizelaiak gaurko ekitaldian: langabezian dauden pertsonak, saltoki txikiak, tailerrak eta ostalaritza, zaintza-lanak egiten dituzten pertsonak, prekarietate egoeran dauden gazteak eta pentsiodunak.

Goirizelaiak adierazi duenez, “euren etorkizuna defendatzeko modurik onena politika eta zerbitzu publikoak sendotzea da”, eta “interes zentralisten aurrean, EH Bilduk Bilboko eta Euskal Herriko herritar guztiak defendatuko ditu”.