AKTUALITATEA


| 2023-09-15 10:09:00

Maria del Rio EH Bildu udal taldeko bozeramaileak iragarri duenez, EH Bilduk zuzenketa sorta aurkeztu dio Udal Gobernuaren ordenantza fiskalen proposamenari “fiskalitate bidezkoagoa eta progresiboagoa lortzeko”. Hain zuzen ere, aurkeztutako ordenantzen proposamenak %3ko igoera orokorra planteatzen du 2020arekin alderatuta. Bide horretan, galdetu du "zergatik, tasa gehienak % 3 igotzen diren bitartean, ez da inolako igoerarik planteatzen jarduera ekonomikoen gaineko zergan?”. Horiek horrela,  hainbat zuzenketa aurkeztu dira: "etxebizitza hutsa merkatura ateratzeko, etxebizitza turistikoa kontrolatzeko, EITetatik eratorritako obrak errazteko eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei laguntzeko. Arreta berezia jartzen dugu ere 75 urtetik gorako pertsonengan eta haien ongizatean".

Ildo horretan, etxebizitza hutsen mobilizazioa bultzatzeko helburuarekin, etxebizitza hutsei % 50eko errekargua ezartzea proposatu du, foru araudira egokituz. Era berean, hobariak proposatu ditu irabazi asmorik gabeko kultur, kirol eta gazte elkarteek, gizarte-ekintzakoek eta antzekoek sustatutako ekimenen egoitzetako eraikuntza, instalazio eta obretarako.

Bestalde, Eraikinen Ikuskapen Teknikoaren txostenetan nahitaezko obrak eta jarduketak atzerapenik gabe egitearen garrantzia eta horiei aurre egiteko pertsona askok dituzten zailtasunak kontuan hartuta, Maria del Riok azaldu du EH Bilduk % 30eko hobaria proposatu duela EITren txostenetik eratorritako obretarako. Ildo beretik, proposatu du desgaitasunen bat duten pertsonentzako irisgarritasun-obretarako % 50eko hobaria 75 urtetik gorakoentzat ere izatea, haien ongizatea eta osasuna hobetzeko.

Era berean, EH Bilduk, bere zuzenketetan, Udalak "Zorrotzaurreko Eremu Mistoan hirugarren sektoreko erabilera duten obra handiak zerga jaitsierarekin saritzearen" kontra agertu da. EH Bilduk ere laguntzak ematea lehenestea proposatu du, sustatu nahi diren industriak zergak ordaintzetik salbuestea baino. "Eraginkortasuna bilatzen badugu, egokiagoak dira sustapenerako dirulaguntzak egoki iritzitako betekizunekin”.

Zabor bilketa

Zaborra biltzeko zerbitzua emateagatiko tasei dagokienez, EH Bilduko bozeramaileak adierazi du interes bereziko arloetan hobariak proposatzen dituztela, hala nola auzo-elkarteetan eta irabazi-asmorik gabeko erakunde sozialetan. Era berean, birziklatzea bultzatzeko asmoz, EH Bilduk bosgarren edukiontziaren programan parte hartzen duten etxebizitzentzako hobariak proposatu ditu, "gehien birziklatzen duenak gutxiago ordaintzeko eta hondakin gehien sortzen duenak gehiago". "Udal Gobernuak horretarako konpromisoa hartu zuen eta ez du bere lana egin", nabarmendu du.

 

"Gainera, etxebizitza turistikoak zaborren tasan sartzea eskatzen dugu, pribilegiorik gabe eta baldintza berdinetan", gaineratu du.

EH Bilduk bere zuzenketetan jorratzen duen beste gai bat familia ugariena da. Ildo horretan, Del Riok hobarien kalkuluan errenta sartzea eskatu du, egoera bidegabeak ez sortzeko. Hobari horiek egoera zaurgarrian dauden kolektiboetara eta beste familia-eredu batzuetara hedatzea ere proposatu du, hala nola guraso bakarreko familietara, kotizaziorik gabeko pentsiodunetara edota Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen dutenetara.

"Udal Gobernuak, berriz ere, justizia sozialaren inolako irizpiderik gabe, karga fiskala herritar guztiei helarazten dien eredu fiskal baten aldeko apustua egiten du, eta, beraz, gure zuzenketen bidez, ordenantza fiskalak aberastasunaren benetako banaketa ekitatiborako tresna bihurtu nahi ditugu", amaitu du.