AKTUALITATEA


| 2021-10-04 11:01:00

EH Bilduk Bilboko Udalean eta Eusko Legebiltzarrean hainbat proposamen aurkeztu ditu  Euskotreni Atxuriko geltokiko hall-a erakusketarako erabiltzeari buruzko erabakia berrazter dezala eskatuz. Horrela, elkarrizketa-prozesu bat ireki dezala eskatu dio Bilboko Udalarekin, Atxuriko bizilagunekin eta auzoko hezkuntza komunitatearekin batera, eraikinaren eremu horri auzoko eta bertako hezkuntza-komunitateko beharren araberako erabilera emateko.

Ikoitz Arrese EH Bilduko legebiltzarkideak eta Alba Fatuartek EH Bilduko zinegotziak horren berri emateko prentsaurrekoa eskaini dute gaur eta, bertan, balioan jarri dute Atxuriko bizilagunek, Lokomotorak taldeak, eta Maestro García Rivero eskolako guraso-elkarteak egiten ari diren lana, izan ere, 6 urte baino gehiago daramatzate auzoaren egoera hobetzeko lanean, espazio arazo larriak baitituzte.

Denbora horretan, adierazi dutenez, Atxuriko estazio enblematikoaren atondoak auzoari eskaintzen dizkion aukeren inguruko lan izugarria egin dute, ikuspuntu publiko, sozial eta kultural batetik. Hain zuzen ere, espazio horri funtzio berriak emateko eta auzoaren bizitzaren parte izaten jarrai dezan, partaidetza-prozesu bat egin zuten eta, ondoren, erakunde arduradunei geltokiko espazioetarako eta ingururako erabilera-proposamen zehatzak helarazi zizkieten.

Era berean, irailaren 26an Atxuriko bizilagunek egindako manifestazio jendetsua gogoratu dute, Bilboko Udalari Atxuri kalean eta Ibeniko kaian jarduteko eskatzeko, bertatik oinezkoen mugikortasuna lehenesteko, baita Atxuriko geltokiko hallaren erabilera publikoa eta herritar guztientzat irekia eskatzeko ere.

Hala ere, Fatuartek eta Arresek adierazi dutenez, “auzotarren aldarrikapenak eta egindako lan eta ekarpen izugarriak kontuan hartu gabe, jakitera eman berri da Euskotrenek lizitaziora atera duela Atxuriko geltokiko hall-a erakusketarako erabiltzeko proiektua, eta beste erabilera batzuk emateko aukera itxi dela, auzoari, auzotar guztiei eta eskola-komunitate osoari bizkarra emanez”.

Hori, haien ustez, “onartezina” da, estazioko hall-a Atxuri auzorako ekipamendu bihurtzeko “aukera galtzea ekarriko baitu, auzoko bizi-kalitatea hobetzeko aukera galtzea, hain zuzen ere”. “Erakundeetako agintari askori ahoa betetzen zaie herritarren parte-hartzeaz hitz eginez, baina gero, praktikan jarri behar denean, ez ikusiarena egiten dute eta herritarrek auzoak hobetzeko aurkezten dizkiguten aldarrikapenak, ekarpenak eta proiektuak baztertzen dituzte”, kritikatu dute.

Horregatik, “premiazkotzat” jo dute horren inguruan zerbait egitea. Berehalako erantzun gisa, Bilboko EH Bildu udal taldeak premiazko mozio bat aurkeztu zuen iraileko Osoko Bilkuran eztabaidatzeko, baina urgentzia tramitera onartu ez zenez, mozioa berriro erregistratu dute urriko Osoko Bilkuran eztabaidatzeko, eta eskaera Eusko Legebiltzarretik ere helarazi diote Euskotreni, ekimen parlamentario baten bidez.

“Udal Gobernuak eta Eusko Legebiltzarrak gure proposamena onartzea espero dugu; izan ere, horrela ez bada, Atxuri auzoko bizilagunei eta hezkuntza-komunitateari bizkarra emango zaie eta espazio horrek auzoaren behar bati erantzun ahal izateko egin duten lana baztertuko da”, nabarmendu dute. “EH Bildutik lanean jarraituko dugu horrela izan dadin bermatzeko eta, era berean, herritarren benetako parte-hartzea bermatzeko”.