AKTUALITATEA


| 2026-09-24 11:33:00

EH Bilduren ekimenez, Abusu auzoak anbulatorio berri bat izango du auzoko bizilagunen beharrei erantzuteko. Osasun zentro berria eraikitzeko, agintaldi hau amaitu baino lehen, Bilboko Udalak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren esku jarriko du Lekanda kalean dagoen ekipamendu-lurzaila.

Akordio hori udal gobernuak eta EH Bilduk adostutako zuzenketa bat onartu ostean etorri da, alderdi soberanistak aurkeztutako proposamen baten ondorioz. Maria del Rio bozeramaileak gogorarazi du EH Bilduk anbulatorio berri baten beharra proposatu duela Osoko Bilkuran, Abusuko bizilagunen, bai Bilbo zein Arrigorriagako aldean bizi direnen bizilagunen,  bidezko eta beharrezko aldarrikapena delako.

Del Riok azaldu du gaur egungo osasun-zentroak 1998an ireki zituela ateak, eta 400 metro koadro inguruko azalera duela. "Argi dago ez dituela auzoaren beharrak betetzen, 11.000 biztanle baino gehiago baititu, 3.425 Arrigorriagan eta 7.642 Bilbon", adierazi du.

"Abusuk anbulatorio berri bat izan dezan lortu dugun akordioa etorkizuneko apustu bat da, auzoko bizilagunen egungo beharrei erantzungo diena", amaitu du.