AKTUALITATEA


| 2026-10-05 13:55:00

EH Bilduko udal taldeak galdera sorta bat aurkeztu dio gobernu taldeari, joan den larunbatean, urriaren 3an, batez ere Alde Zaharreko denda eta lonja askotan kalteak eragin zituzten uholdeak estolderiaren mantentze faltagatik edo sarearen dimentsio arazo batengatik gertatu ziren argitzeko.

Karlos Renedo EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, beharrezkoa da uholde horiek eragin dituzten arrazoiak ezagutzea, berriro gerta ez daitezen premiazko neurriak hartzeko, izan ere, kalte garrantzitsuak sortu dituzte hainbat kaletan. "Nolanahi ere, aurreikuspen falta agerikoa izan da", adierazi du.

Uholdeek kaltetutako merkatariekin hitz egin ondoren egin ditu adierazpen horiek Renedok, izan ere, merkatariek "estolda-zuloek   eta kutxatilek ez zutela behar bezala funtzionatu helarazi diote". "Merkatariak aspalditik ari dira euria egiten duenean sortzen diren arazoen berri ematen, estolda-zuloetan eta kutxatiletan dagoen garbitasun faltagatik, baina gobernu taldeak ez du ezer egin", azaldu du.

Horrela, EH Bilduk galdera sorta bat aurkeztu du, arazoa ze kaletan mantenu faltagatik eta ze kaletan sarearen dimentsionamenduaren arazo batengatik izan den argitzeko.  

Ildo horretan, hirian zenbat kutxatila urpean geratu ziren eta zein kaletan sartu zen ura lonja eta saltokietan galdetu dio EH Bilduk Udal Gobernuari. Halaber, beharrezkotzat jo du jakitea noiz egin zuen kontratak kale horietako azken garbiketa, eta saneamenduari buruzko zenbat gorabehera jakinarazi diren, gaitutako kanalen bidez.

Argitu beharreko beste kontu batzuk dira kale horietan kutxatilek (l/m2) xurgatzeko duten gaitasuna, Somera kalea zergatik urez bete zen eta mugakide batzuk ez eta itsasadarrera zuzenean isurtzeko erabakia zer ordutan hartu zen. Arazoaren arrazoia, mantenimenduaren ordez, dimentsioa bada,  kale horietako saneamenduan zer obra egingo diren galdetu du, hura egokitzeko.

"Edonola ere, joan den larunbatean zerbait agerian geratu bada, aurreikuspen falta da; izan ere, zenbait kale, lonja eta denda urez bete ziren arren, ez ziren udal zerbitzuen errefortzuak aktibatu eurite gogorrak izan ziren orduetan", azpimarratu du.