AKTUALITATEA


| 2026-09-22 10:05:00

EH Bildu udal taldeak Deustuko Kanaleko pasealekua, Frank Gehry zubitik Elorrietaraino, kanpo babes klimatiko bihurtzeko plan integral bat martxan jartzea proposatu du, zuhaiztia eta landaredia handituz eta naturan oinarritutako irtenbideak erabiliz.

Iraileko Osoko Bilkuran eztabaidatuko den proposamen hau aldaketa klimatikoari aurre egiteko EH Bilduk aurkezten duen beste ekimenetako bat da, eta ez da azkena izango, gaur Garazi Perea zinegotziak komunikabideetan egindako agerraldian jakitera eman duenez.

Pereak gogorarazi duenez, 200 pertsona baino gehiago hil dira maiatzetik uztailera arte Bizkaian beroaren ondorioz, aurreko uda guztiko kopurua bikoiztuz. Esan duenez, termometroek 40 graduak egun askotan gainditu dituzte Bilbon, eta egun horietan ia ezinezkoa izan da kalera ateratzea, are gehiago, adineko eta pertsona zaurgarrientzat eta baita ume txikientzat.

" Uda honetan inoiz baino agerikoagoa izan da Bilbo ez dagoela prestatuta jasan – eta aurrerantzean ere jasango ditugun- tenperatura altuei aurre egiteko", ohartarazi du. Hori dela eta, EH Bilduk gure hiria klima-aldaketara egokitzeko beste ekimen bat aurkeztu duela jakinarazi du, kasu honetan, Deustuko Kanalaren pasealekuan, "helburu horretan aurrera egiteko aukera estrategikoa baita".

Pereak azaldu duenez, itsasadarra "elementu bizia eta hirian integratua dela ulertu behar da, bere ingurunearen erregulazio termikoari modu naturalean laguntzeko gai dena". Hala ere, Euskalduna zubiaren eta Elorrietaren arteko tartean, itzalik gabeko edo itzal oso gutxiko gune zabalak daudela ohartarazi du,  eta bero handia dagoenean oso deserosoa edo ia ezinezkoa dela bertatik ibiltzea.  

"Ebidentzia zientifikoak erakusten du azpiegitura berdeek eta hiriko zuhaitzek nabarmen murrizten dituztela azaleko eta ingurumeneko tenperaturak, bero-uhartearen efektua arinduz", azpimarratu du. Hortaz, bere ustez, "ezinbestekoa da neurriak hartzea".

Horrela, bere esanetan, Deustuko El Canal pasealekua kanpoko babesleku klimatikoa bilakatuz gero, gune hori urte osoan zehar erabiltzeko aukera egongo litzateke, eta, aldi berean, paisaia- eta ingurumen-kalitatea hobetuko litzateke". "Gure ekimena onartuz gero, lehen barrutiko auzoetako bizilagunek eta bilbotarrek, oro har, beroa dagoenenan ere bertan egoteko gune atsegina izango lukete".