AKTUALITATEA


| 2022-09-16 11:03:00

EH Bilduk mozio bat aurkeztu du, Udal Gobernuari Solokoetxeko igogailuaren bideragarritasunari buruzko azterlan bat egin dezala eskatuz; berrirekitzeko egin beharreko inbertsioa, mantentzea, zerbitzuaren urteko kostua eta zonaldeko mugikortasun premiak kontuan hartuko dituen azterlana, hain zuzen ere. Era berean, Udal Gobernuari eskatzen dio Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmen bat sina dezala Solokoetxeko igogailuaren titulartasuna Bilboko Udalari transferitzeko, berriro ireki dezan.

Ildo beretik, alderdi subiranistak ekimen bat erregistratu du Eusko Legebiltzarrean Arangoitiko, Begoñako eta Solokoetxeko igogailuak Bilboko Udalaren eskuetara modu negoziatuan eta adostuan pasatzea eskatzeko, eta ez Kable bidezko Garraioaren Legearen xedapen gisa.

Hala jakinarazi dute gaur Unai Fernandez de Betoño EH Bilduko legebiltzarkideak eta Jone Goirizelaia udal taldeko bozeramaileak, auzoko bizilagunekin batera, joan den ekainaren 17an itxi zuten Solokoetxeko igogailuaren aurrean egindako agerraldian.

Goirizelaiak gogorarazi duenez, ekainean Solokoetxeko igogailuari buruzko EH Bilduren mozioa eztabaidatu ez ondoren, Gobernu taldeak ez baitzuen onartu haren premia, ekimen berri hau erregistratu dute, auzoko bizilagunak bizi dituzten mugikortasun- eta irisgarritasun-arazoak kontuan hartuta eta haien beharrei erantzuteko asmoz.

Gogorarazi duenez, 87 urteko jardueraren ondoren, enpresa emakidadunak bat-batean itxi zuen Solokoetxeko igogailua, eta, jarraian, Udal Gobernuak iragarri zuen igogailu alternatibo berri bat eraikiko zuela, “bizilagunen iritzia eta beharrak kontuan hartu gabe,  eta igogailu zaharrak eskaintzen zuen zerbitzua mantentzearen eta birmoldatzearen kostuak aztertu gabe”.

Gainera, esan duenez, udal gobernuak autobus anezka bat jarri du martxan alternatiba gisa, eta “hori ezin da alderatu, ez denboran ez kalitatean, igogailuak eskaintzen zuen zerbitzuarekin: maiztasun askoz txikiagoa, itxarote-denborak eta ibilbidea luzeagoak eta irisgarritasun unibertsala ez da bermatzen (zailtasunak mugikortasun murriztua duten pertsonentzat, erosketa-orgak edo haur-kotxeak dituzten pertsonentzat)”.

Egoera horren aurrean, Goirizelaiak adierazi du bizilagunak mobilizatu egin direla eta zerbitzu itxia lehenbailehen berrezartzeko eskatzen ari direla. «Solokoetxeko igogailua beharrezko zerbitzu publikoa da Solokoetxeko bizilagunen mugikortasun unibertsala bermatzeko, bai eta Institutura, osasun-zentrora edo musika-eskolara joaten diren pertsonena ere. Solokoetxeko igogailuak publikoa eta doakoa izan behar du. Hala balitz, arrakastatsua izango litzateke, eta hori lortzeko lan egingo dugu», nabarmendu du.

Igogailu publikoak eta doakoak

Bestalde, Fernandez de Betoñok azaldu du Euskal Herrian igogailu publiko ugari daudela, gehienak udalen esku daudenak. Hala ere, esan duenez, Eusko Jaurlaritzarenak diren eta aspalditik emakidan dauden 3 igogailu publiko daude. Hirurak, hain zuzen ere, Bilbon: Arangoitikoa, 12 urte zerbitzua eman gabe; Begoñakoa, 8 urte itxita , eta Solokoetxekoa, aurtengo ekainean itxi dutena.

“Eusko Jaurlaritzak Kable bidezko Garraioaren Lege-proiektu bat egin du, eta, xedapen batean, hiru igogailu horiek Bilboko Udalari pasatzen dizkio, inolako negoziazio edo hitzarmenik gabe, ez enpresa emakidadunekin, ez Bilboko Udalarekin”, azaldu du. Hori dela eta, EH Bilduk lege-proiektuari aurkeztutako zuzenketen artean, igogailuen eskualdaketa desordenatua lege-proiektutik kentzeko eskatu da.

Horren ordez, EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu du bere alderdiak legez besteko proposamen bat aurkeztu duela, Legebiltzarreko Garraio Batzordean eztabaidatuko dena. Proposamen horretan, igogailuak adostasunez eskualdatzeko eskatu diote Jaurlaritzari.

Hain zuzen ere, azaldu duenez, EH Bilduk hiru enpresa emakidadunekin kontzesioak adostasunez berreskuratzeko akordioetara heltzea eskatzen du,  “Jaurlaritzak ezin baitu alde bakarrez eta adostasunik gabe jardun, Begoñako igogailuarekin gertatu den bezala”.

Era berean, alderdi soberanistak eskatu du Eusko Jaurlaritzak aztertu eta kalkulatu dezala hiru igogailuak berriz ere martxan jartzeko behar diren eraberritze obrak eta haien aurrekontuak,  “ezin direlako traspasatu egoera kaskarrean dauden azpiegiturak”. Azkenik, Eusko Jaurlaritzak Bilboko Udalarekin akordio bat egin dezala proposatzen du EH Bilduk, hiru igogailuak Udalaren eskuetara pasatzeko, igogailuak berriz ere martxan jartzeko urratsak adostuz, beharrezko obren finantzazioa barne.

Unai Fernandez de Betoñok azaldu duenez, EH Bildurentzat jarraitu beharreko eredua Zumalakarregiko (Uribarri) igogailuarekin egin zena da, duela 4 urte, Jaurlaritzak Bilboko Udalari eskualdatu zion, adostasun batera iritsi ondoren, eta orain bilbotar guztiek doan erabiltzen dute. “Berdina proposatzen dugu Arangoiti, Begoña eta Solokoetxerako. Igogailu horiek publikoak eta doakoak izan behar dute”, azpimarratu du.