EH Bilduko udal taldeak hainbat proposamen aurkeztu ditu maiatzeko Osoko Bilkuran gure ongizaterako mehatxurik handienetakoa den larrialdi klimatikoari aurre egiteko. Mozio horien bitartez, alderdi subiranistak "Bilboren bihotza berdetu" nahi du, zementuak protagonismo handiegia baitu hirian. "Ez dugu kapritxoz egiten, beharrez baizik", nabarmendu du Maria del Rio EH Bilduko bozeramaileak, Garazi Perea zinegotziarekin batera emandako prentsaurrekoan.
Prentsaurrekoan mozio horiek zehaztu dituzte. Alde batetik, hiriko parkeetan eta egonaldi eremuetan zuhaiztia indartzeko plan bat martxan jartzea eskatu du EH Bilduk. Bigarrenik, proba pilotu baten bidez udal jabetzako aparkalekuetan "plaza gogorrak" deritzenak birnaturalizatzea eta eroso bihurtzea eskatu dute. Azken proposamen batean, Atxuritik eta Abusutik igarotzean Nerbioi-Ibaizabal ibaiaren ertzak egokitzeko eta birnaturalizatzeko plan bat aktibatzea planteatzen dute.
Hiriko zuhaitzak indartzea
Garazi Perea zinegotziak gogorarazi duenez, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) zuhaitz bat gomendatzen du hiru biztanleko, eta helburu horretatik "oso urrun gaude Bilbon". Horregatik, lehenengo mozioaren bidez, hiriko parkeetan eta egonaldi eremuetan zuhaizti urbanoak indatzerko plan bat abian jartzeko eskatu du, zuhaitz autoktonoak landatzea aurreikusiz eta zuhaitz-masa dentsifikatuz.
"Lurralde Plan Partzialaren arabera, Bilbo bero-boladak eragindako hiribildua da. Horren ondorioz, asko dira arriskuak eta neurriak lehenbaitlehen hartzeko beharra", azpimarratu du Pereak. Egoera horren aurrean, ostera, udal gobernuak "lanak egin ez dituela" adierazi du. Ildo horretan, EH Bilduren ekimenez, 2023an, Berdegunei buruzko Ordenantza berrikustea onartu zen Osoko Bilkuran, erronka berriei aurre egin ahal izateko. "Horren zain jarraitzen dugu", aipatu du.
'Plaza gogorren' birnaturalizazioa
Era berean, azaldu duenez, hiriko bero-uharteei buruzko ikerketa baten arabera, Bilbon 2015ean 13 pertsona hil ziren bero horren ondorioz. Bero horri asfaltoa eta itzalik eza gehituta, tenperatura bi gradu eta erdi igotzen da. Horrela, neurriak hartzeko helburuarekin, bigarren mozioaren bidez, udal jabetzako aparkalekuen gaineko ‘plaza gogorrak’ birnaturalizatzea eta espazio atsegin bihurtzea eskatzen du EH Bilduk, horrek bero-uhartearen efektua saihesten laguntzen baitu.
Perearen esanetan, leku askotan jardun daiteke Bilbon, udal aparkalekuen gainean eraikitako plaza asko baitaude (Moraza plaza, Zumarraga, Bilboko kotxetegia edo Uretamendi eta Altamirako aparkalekuak, besteak beste).
"Hauek diseinu gogorra dute, itzal eta landare gutxirekin, eta horrek mugatu egiten du haien funtzionaltasuna eta konfort klimatikoa. Baina posible da egoera horri buelta ematea eta ingurune atsegin bihurtzea, naturan oinarritutako soluzioak ezarriz, hala nola altzari berdeak, mantentze-lan baxuko landaredia eta zuhaitz txikiak", azaldu du.
Nerbioi – Ibaizabal ibaiaren erriberak egokitu eta birnaturalizatzeko Plana
Hirugarren mozioaren bidez, EH Bilduk Udal gobernuari eskatzen dio agintaldi honetan, aurrekontu propioarekin eta eskuduntza duten beste administrazioekin lankidetzan, Atxuri eta Abusuko tartean, Nerbioi – Ibaizabal ibaiaren erriberak egokitzeko eta birnaturalizatzeko Plana gauzatzea.
Horretarako, hurrengo ekintzak martxan jartzea proposatzen dute, ertzak, ubidea eta hormak garbitzea; espezie inbaditzaileak desagerraraztea eta eremua espezie autoktonoekin landareztatzea; hormigoizko azpiegitura zaharkituak kentzea; Bolintxuko ubidea eta ertz artifizializatuak birnaturalizatzea; oinezkoentzako ibilbideak eta egoteko gune berriak egokitzea eta ingurumen-seinaleak jartzea.
"Itsasadarra hiriaren ardatz egituratzaileetako bat da. Itsasadarra ibaian gora berreskuratzea, Atxuri eta Bilbo Zaharra auzoetatik Etxebarri eta Arrigorriagako udal mugaraino, aldi berean, ingurumen-erronka eta bilbotar askoren bizi-kalitatea hobetzeko aukera-leihoa da", adierazi du Maria del Riok.
EH Bilduren proposamenaren oinarria Ekologistak Martxan taldeak 2024an aurkeztutako plangintza dela azaldu du Del Riok. "Ildoak zabaltzea planteatzen dugu, oinezkoentzako ibilbide berriak hobetuz eta egokituz eta inguru hori bizilagunengana hurbiltzeko geraleku berriak planteatuz", gaineratu du.
"Azken batean, hiru proposamen egingarri planteatzen ditugu, krisi klimatikoari aurre egiten eta gure hiria jasangarriagoa eta erresilienteagoa izaten lagunduko dutenak. Krisi klimatikoak erronka batzuei aurre egitea eskatzen digu, eta erronka horiei modu berritzailean erantzun behar diegu, iraganeko errezetak alde batera utzita", nabarmendu du.