AKTUALITATEA


| 2025-05-22 10:15:00

Maria del Riok, EH Bilduko udal bozeramaileak, adierazi duenez, atzo, asteazkenean, San Mamesen izandako UEFA Europa Leagueko finalak "Bilbok makro ekitaldi horiek hartzeko dituen mugak azalarazi ditu". "Herritar asko, batez ere Bilboko gune jakin batzuetakoak, nekatuta daudela adierazten ari dira, Bilbo ekitaldi hauen agertoki nagusia izateagatik eta, aldiz, bilbotarrak figurante hutsak", nabarmendu du. 

EH Bilduko bozeramaileak gogorarazi duenez, bilbotarrak, "ekitaldi honen parte izan gabe, beren errutinak aldatu behar izan dituzte, are gehiago, kasu batzuetan medikuntza- eta hezkuntza-zerbitzuak eten behar izan dituzte; garraio publikoan, trafikoan eta aparkalekuetan eragin handiak izan dituelako eta hirira sartzeko eta irteteko ere trafiko aldaketak egon direlako, besteak beste". 

"Makro ekitaldi honen eragin ekonomikoa, eta batzuek egiten dituzten kalkuluak" zalantzan jarri ditu Del Riok. Horregatik, bere esanetan, "autokonplazentziarik gabeko balizko kostuen eta onuren azterketa zorrotza egin beharko litzateke". Ildo horretan, esan duenez, hainbat ostalarik eta hornitzailek "aurreikuspenak ez direla bete" helarazi diote, "ezta asistentzia aldetik ere, Athleticen partida garrantzitsu batean baino txikiagoa, hain zuzen ere". "Era berean, denda eta merkatu askotako salmentetan eragin negatiboa izan du, eta hala jakinarazi digute", adierazi du. 

Gainera, Del Riok gogorarazi duenez, hoteletako, ostatuetako eta pisu turistikoetako logelen prezioen igoera "guztiz neurrigabea" izan da, ohiko etxebizitzaren "prezioa are gehiago garestituz, eta pertsona gutxi batzuentzako negozioa izanik". 

Espazio publikoaren erabilera intentsiboari buruz, batez ere erdialdean eta Alde Zaharrean, Del Riok "konparaziozko bidegabekeria" adierazi du, "ekitaldi honen barne egindako edozein jarduerari alfonbra gorria jartzen baitzaio, kaleak, errepideak eta masifikazioak moztea barne, eta elkarte edo jai batzordeentzat gero eta oztopo gehiago daude". 

"Bilbotarrek zerbitzuen murrizketa pairatzen duten bitartean prezioak igotzen direla ikusten dute, turismo iheskorrari egokituz. Bitartean, udal-kutxek ez dute euro bat jasotzen, UEFAk dituen zerga-salbuespenak direla eta. Are gehiago,  udal-kutxek ekitaldiak suposatuko duen gain kostua bere gain hartu beharko dute, eta hori guztion artean ordaindu beharko dugu", adierazi du. 

Egoera horren aurrean, Maria del Riok "beharrezkotzat" jo du "gogoeta bat egitea Bilbon ze ekitaldi hartu nahi ditugun pentsatzeko, zer dimentsiotakoak, eta, batez ere, zein helbururekin. Gure hiriak mugak dauzka".