EH Bildu udal taldeak, Bilbon euskarak duen garrantziaz ohartuta, euskalduntze politika publikoetan jauzi kualitatibo bat emateko hainbat proposamen aurkeztu ditu otsaileko Osoko Bilkuran: euskara ikasteko oinarrizko ikastaroen doakotasuna eta euskararen ordenantza onartzea, hain zuzen ere. Maria del Rio EH Bildu udal taldearen bozeramaileak, eta Nerea Undabarrena zinegotziak horien berri eman dute gaur prentsaurrekoan.
Del Riok azaldu duenez, Bilbok, 100.000 euskal hiztun baino gehiago ditu, eta “gure hiriak gure hizkuntzarentzat duen garrantzia askoz haratago doa, kultura desberdinen elkargune izan delako, sinergiak sortuz, berrikuntza kulturalak bultzatuz eta elkar ezagutza ahalbidetu dituelako”. Zoritxarrez, gogorarazi duenez, “Imanol Agirre Loraldiko zuzendari artistikoak jaialdiaren aurkezpenean ohartarazten zigun moduan, gaur egun Bilboko euskaldunok bigarren mailako pertsonak garela esan dezakegu. Bilbo oraindik geldirik dago euskarari dagokionez”.
Agirreren adierazpenekin bat etorriz, EH Bilduk konpromisoak eskatzen ditu Bilboko udal gobernutik. María del Riok azaldu duenez, azken urteetan aurrekontuetan “EH Bilduren proposamenen ondorioz, euskara ikasteko diru-laguntzak handitu dira, baina diru-laguntzen kudeaketa orain arte desastre bat izan da. 700.000 eurotik ia 500.000 euro banatu barik geratu ziren aurreko urtean”.
Hortaz, EH Bilduk proposamen zehatz bat egin du Bilboko Udalak “dagoen diruarekin, euskarazko oinarrizko kurtsoak finantzatu ditzan, doakoak bilakatuz”. “HABEren datuak hartuta, dagoen diruarekin posiblea da erabaki hau hartzea. Are gehiago, A1 ikastaroaren doakotasuna bilatzeko Eusko Jaurlaritzaren erabakia kontuan izanda, hizkuntza politika berri baterantz jo genezakeela uste dugu”, adierazi du Nerea Undabarrenak.
Horren aurrean Udal Gobernuak bere proposamena aurkeztu duela azaldu du: diru poltsa erabiltzea eta ikasle guztien artean banatzea. Undabarrenaren esanetan, EH Bilduk “ez du, berez, horren aurka egingo”, baina bai horren “mugak” azpimarratu ditu, “alde batetik, ez dago dirurik egun pertsona guztien matrikulak ordaintzeko eta, bestetik ikasleek dirua aurreratzen jarraitu beharko dute eta horrek lehenengo muga bat sortuko du”. “Ez ditugu, berez, doakotasunerako pausuak ematen, diru-laguntza “sari” bezala uler daiteke eta ez euskara ikasteko eskubide bezala”, gaineratu du.
Euskararen ordenantza
Bestalde, Maria del Riok nabarmendu duenez, “Euskara Bilbon geldirik badago, ez da mugimendu euskaltzalea eta kulturala aktibo ez daudelako, baizik eta erakundeetatik garrantzi eta baliabide nahikorik eman ez delako”. Horren adibide bezala Bilbo dela euskara ordenantza ez duen hiriburu bakarra aipatu du. Hortaz, EH Bilduk urtea amaitu baino lehen euskararen ordenantza, modu parte hartzailean garatzea eta aprobatzea proposatu du.
Del Riok azaldu duenez, Udalaren tresna garrantzitsuenak ordenantzak izanik, horren helburua izango da “udal ekintza, administrazioaren barne erabilera eta herritarrekiko harremanak arautzea, hau da, gaur arte egindako lanari oinarri eta antolamendu gorena ematea. Euskaldunen eskubideak, udalean baina baita ere hirian orokorrean bermatzeko”.
“Ez da soilik elementu sinboliko bat, izaera juridiko espezifiko bat du. Euskal hiztunen eskubideak bermatuko dituen mekanismo demokratikoa da euskararen ordenantza”, nabarmendu du.
“EH Bildutik behin baino gehiagotan esan dugu: ez gatoz titularren bila edo dominak jartzera. Erabaki onak hartzen direnean, horien alde egingo dugu. Baina horretarako konpromisoak behar dira” adierazi du Del Riok, eta, euskalgintzako eragileekin bat eginez, EH Bilduk konpromisoak eskatzen jarraituko duela adierazi du, “Udal Gobernuari baliabideak eta borondate politikoa eskatuz”. “Konbentzituta gaude gai honen inguruan adostasun zabalak lortu ahal ditugula. Gu horretarako beti prest agertuko gara”, esan du.