AKTUALITATEA


| 2025-04-14 10:23:00

EH Bilduk gaur adierazi duenez, "albiste ona" da PSEk eta EAJk metroaren 4. linearen proiektua zuzendu izana, eta, azkenean, Abandotik igaro beharrean Moyuatik pasatzea, bizilagunek eskatzen duten bezala. Horrela, Susana Garcia Mugikortasun Iraunkorreko sailburuak komunikabide batean egindako adierazpenak aipatu ditu. 

Alderdi soberanistak deitoratu egin du proiektu honek "atzerapen ugari" izan dituela. "Norabide aldaketa gehiago" ez izatea eta proiektua "lehenbailehen" gauzatzea eskatu du EH Bilduk, "behingoz, Errekalde eta Irala auzoen eskaera historikoari erantzuteko eta Basurtuko ospitalea, Zorrotza eta Enkarterri linea horretan lotzeko". 

"Abandotik beharrean, Moyuatik joatea erabaki izanak, gainera, eragozpen tekniko asko desagertzea eta obra ahalik eta lasterren egin ahal izatea ahalbidetuko du", azaldu du. EH Bilduk eskaera hau hainbat aldiz eta hainbat erakundetan, hala nola Udalean, Bizkaiko Batzar Nagusietan eta Eusko Legebiltzarrean, egin duela gogorarazi du. 

Halaber, Bilboko hegoaldeko bizilagunen "borroka" gogorarazi eta "balioan jarri" du, "bi hamarkada baino gehiago baitaramatzate Metroa zona horretara noiz iritsiko zain". "70.000 pertsona baino gehiago bizi dira Bilboko hegoaldean, eta, adibidez, ospitalera joateko autobus bakarra dute orduro", adierazi du. Metroaren 4. linea Bilbo metropolitarraren “elementu egituratzaile gisa beharrezkoa" den mugikortasun-azpiegitura dela gaineratu du. 

Azkenik, iragarri du EH Bilduk interpelazio bat aurkeztu diola Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiari Bizkaiko Batzar Nagusietan, zenbait gai argitzeko, hala nola "noiz erabaki duen Aldundiak ibilbidea aldatzea, zer lan egin diren orain arte, zein izango den ibilbidea eta zein data eta aurrekontu aurreikusten diren obra egiteko".