AKTUALITATEA


| 2019-12-19 11:38:00

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek mozio bat aurkeztu dute Osoko Bilkuran eztabaidatzeko eta horretan Bilbon krisi batzorde bat sortzea eskatzen dute eraso matxista edo feminizidio bat gertatzen denean erantzuna emateko.

Carmen Muñozek eta Jone Goirizelaiak, Elkarrekin Podemos eta EH Bilduko udal taldeetako zinegotziek, hurrenez hurren, azaldu dutenez, ‘Krisi Batzorde’ hori Bilbon eraso matxista edo feminizidio bat gertatzen den bakoitzean urgentziaz batzartuko da eta horren zereginak izango dira, besteak beste, egoera baloratzeko eta erantzuna emateko biktimaren edota bere zuzeneko familiarren ardura hartzea, biktima edota bere zuzeneko familiarren beharrizanei egokitutako lanen banaketa eginez.

Batzordearen eraketari dagokionez, Berdintasun, Gizarte Ekintza, eta Segurtasun arloetako profesionalak eta Udalean ordezkaritza duten alderdietako ordezkariak osatzea proposatzen dute. Batzorde hau sortzeaz gain, feminizidio bat edota adin txikikoren baten hilketa bat gertatuko balitz, Udalak biktima edota biktimak aitortzeko ekitaldi bat egitea adostea eskatzen dute mozioan EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek.

Muñozek eta Goirizelaiak azaldu dutenez, proposamen hau lantzerakoan, datuak kontuan hartu dituzte, “egoeraren garrantziaz jabetzeko eta oso garrantzitsua delako biktimek aholkularitza egokia izatea eta salaketaren prozesu zaila eta mingarriari  udal zerbitzu guztien eta guztion babesarekin aurre egin ahal izatea”.

Ildo horretan, adierazi dutenez, Bizkaian 2018. urtean 311 babes ordena tramitatu ziren, horietatik 23 ez ziren onartu, 173 adostu ziren eta 115 atzera bota ziren. Bilbon 126 eskatu ziren, 102 adostu eta 24 atzera bota. Behin epaiketara helduta, prozedimenduak honela bukatu ziren: Bizkaian %21,1 eta Bilbon %28,5 kondenarekin eta prozedimenduen ia %40,4 artxibatu edo behin behineko artxibatu ziren.

“Datu horien ondorioz argi gelditzen da ezinbestekoa dela aholkularitza egokia izatea, laguntza juridikoa hasieratik izatea eta, horrez gain, salatzen duten emakumeek euren oinarrizko eskubideak bermatuta izan behar dituztela (etxebizitza, osasuna, lana…)”, azpimarratu dute Muñozek eta Goirizelaiak.

Horregatik, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen ustez, “beharrezkoa” da “hasieratik biolentzia matxista pairatu duten emakumeentzat zuzendutako aholkularitza eta laguntza plangintza bat izatea”. Azaldu dutenez, plan horrek “salaketa jarri aurretik, are gehiago, babes ordena eman baino lehenago, emakumeei asistentzia eskaintzea aurreikusi behar du, eta hori laguntza sistema guztira atxikitzeko titulua izango litzateke teorian”. “Plan horrek biolentzia matxista pairatu duten emakumeak hasieratik babestuta sentiaraziko lituzke eta berbiktimizazioa saihestuko luke”, nabarmendu dute.