Udal Gobernuak 'souvenir' establezimenduak ordenatzeko formulak aztertzeko beharra onartzea lortu du gaur EH Bilduk. Izan ere, 'in voce' adostutako zuzenketa onartu da eta, horren bidez, merkataritza-ardatzetan tokiko merkataritzaren aniztasuna eta berezitasuna zaintzeko formulak aztertzeko eta agintaldi honetan aurkezteko konpromisoa hartu du Bilboko Udalak.
EH Bilduk aurkeztutako mozio baten ondorioz lortutako akordioa da, saturazio handiko eremuetan 'souvenirs' establezimenduak mugatzeko neurriak aztertu eta ezartzeko eskatuz. Karlos Renedo EH Bilduko zinegotziak "positibotzat" jo du akordioa, "udal gobernuak orain arte ukatzen zuen arazo bat dagoela onartzea suposatzen duelako, eta, gainera, saltoki horiek arautzeko formulak aztertzeko eta agintaldi honetan aurkezteko konpromisoa hartzen duelako".
EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, "Bilbon turismo ereduaren ondorioak pairatzen ari gara; etxebizitzen prezioak igotzen ari dira, hiriko espazio jakin batzuen erabilera intentsiboa dago eta hurbileko merkataritza desagertzen ari da, besteak beste".
Ildo horretan, adierazi du azken urteetan souvenir dendak biderkatu direla Bilbon, bereziki hiriko hainbat zonaldeetan, Alde Zaharrean kasu. Adibidez, Bidebarrieta kalean, itxi duen denda bakoitza mota honetako denda batek ordezkatu du, eta dagoeneko hamar denda daude. Ondoko Posta kalean, egoera antzekoa da, oroigarrien zazpi denda baitaude. "Turismora bideratutako mota horretako saltokien kontzentrazioak ez dio inolako ekarpenik egiten auzoko komunitate-ehunari, ezta bizilagunen banakako eta taldeko beharrei ere", nabarmendu du.
Alta, bere esanetan, eguneroko behar basikoak asetzen dituzten saltokietan "eragin negatiboa" dute: "lokal komertzialen garestitzea, balio-erantsi gutxiko lanpostuak, establezimenduak gutxi batzuen eskuetan gelditzea edota homogeneizazio kulturala inposatzea, besteak beste". Era berean, auzokideek ohikoak zituzten ibilbide komertzialen desagerpena ere suposatzen du.
Gauzak horrela, Europako toki ezberdinetan fenomeno horren hedapena baretzeko neurriak hartu dituztela esan du Renedok. Esate baterako, Bartzelonan, 2008an, gaiari heltzen zion lehenengo plana indarrean jarri zen.
"Gaur Bilbon norabide horretan doan akordioa lortu dugu. Akordio garrantzitsua eta beharrezkoa Bilbon tokiko merkataritza babesteko eta merkataritza-sare mistoa eta aberatsa sustatzeko", azpimarratu du.