Hondakinen tasari buruz EH Bilduk egindako proposamena negoziatzeko Udal Gobernuak "inolako interesik ez" duela izan kritikatu du Maria Del Riok, EH Bilduren bozeramaileak. EH Bilduk, besteak beste, tasa hori kalkulatzeko erroldaren ordez uraren kontsumoa erabiltzea proposatzen zuen, iruzurra saihesteko eta alokairuan dauden pertsonak babesteko.
"Udal Gobernuaren erantzuna itxikeria eta elkarrizketari uko egitea izan da", adierazi du Del Riok. Azkenean, adierazi duenez, EAJk eta PSEk, euren bozkekin soilik onartu dute errolda erabiltzea hondakinen tasa kalkulatzeko. Horrek, bere esanetan, "ondorio kaltegarriak izango ditu Bilbon alokairuan bizi diren pertsonengan: ikasleak, zaurgarritasun egoeran dauden familiak, gazte profesionalak, etxebizitza partekatzen duten pertsonak edo alokairuan bizitzea erabakitzen dutenak". "Horientzat guztientzat erroldatzea are zailagoa izango da", gaineratu du.
Maria del Riok gaur goizean egindako osoko bilkuran egin ditu adierazpen horiek. Bertan, ordenantza fiskalak eztabaidatu eta onartu dira, besteak beste, hondakinen tasa. Oposizioarekin hitz egiteko eta negoziatzeko udal gobernuaren "borondate eza" azpimarratu du EH Bilduren bozeramaileak. "Bere erantzuna isiltasuna izan da, ezereza", adierazi du. "Zelan hitz egin dezakete gobernantza eredu ireki, kooperatibo eta parte-hartzaile bati buruz, gainerako talde politikoek egindako lana kontuan hartzen ez badute?", galdetu du.
Del Riok adierazi duenez, Udal Gobernuak "eragin ekonomikoari eta genero-eraginari buruzko txostenik gabe", tasei, zergei eta prezio publikoei buruzko proiektu bat aurkeztu zuen arren, EH Bilduk proposamen "serioa eta kontrastatua" aurkeztu zuen, "negoziatzeko borondate argiarekin".
Bozeramaileak gogorarazi duenez, EH Bilduk "funtsezko aldaketa" proposatzen zuen arauan, erroldaren erabilera, "errazena eta sinpleena izan arren, ez delako onena, alokairuan bizi diren pertsonen bizitzak okerrera egitea suposatuko baitu". Gainera, Auzitegi Gorenaren epaiek uraren erabilera baimentzen dute eta Donostian, Valentzian, Zaragozan, Gironan edo Bartzelonako metropoli-eremuan horrela erabiltzen da. "Baina Bilbon, EAJk eta PSEk nahiago dute beste alde batera begiratu kalkulua egiteko erroldaren erabilerak izan ditzakeen ondorio kaltegarrien aurrean", adierazi du.
Halaber, adierazi du egoera zaurgarrian dauden familientzat hobariak ezartzeko EH Bilduk egindako proposamenari Udal Gobernuak uko egin diola, zuzenketa hori bera Gasteizen onartu zenean. EH Bilduren beste proposamen batzuk ere baztertu ditu Udal Gobernuak, besteak beste, organikoa birziklatzeko kanpainarekin bat egiten duten saltokiei hobariak ezartzeko proposamena eta turismoari errekargua jartzekoa, hondakin asko sortzen duen industria baita.
Maria del Riok azpimarratu duenez, "udal gobernuak erakutsi du tasa hau espedientea betetzeko bakarrik onartzen duela. Aukera galtzen dugu tasa hau ingurumenaren mesedetan eragiteko tresna bihurtzeko eta ez, ordea, zerga-bilketarako tresna soila".