AKTUALITATEA


| 2025-06-26 17:40:00

Emakumeen ikusgarritasuna bermatzeko eta historian izan duten papera aldarrikatzeko helburuarekin, euskarazko kale izendegian izendapen zuzenak erabiltzea eskatu du EH Bildu udal taldeak, beharrezko baliabide lexikalak erabiliz. Eskaera hori gaur egindako Osoko Bilkuran onartu da. 

Garazi Pereak, EH Bilduko zinegotziak, adierazi duenez, emakumeen presentzia "oso eskasa" da Bilboko kaleen izenetan; izan ere, hirian dauden 920 kaleetatik 30 inguruk baino ez dute emakumeen izena. "Azken urteetan, kale berriak izendatzerako orduan, emakumeak zein euren ogibideak  lehenesten hasi diren arren, badago zer hobetu", gaineratu du. 

Ildo horretan, azaldu duenez, "'Zirgari kaia' eta 'Galletagile Etorbidea', bezalako izenak aukeratzea aitorpen gisa ulertzen badugu ere, emakumeen presentziak ezkutua izaten jarraitzen du". Hortaz, gaur onartutako ekimenari esker, “Andre Zirgarien kaia” edo “Emakume Galletagileen Etorbidea" deituko dira, emakumeen ikusgarritasuna bermatuz. Pereak Euskal Herriko beste hiriburu batzuetan horren adibideak daudela gogorarazi du, hala nola, Donostiako “Andre Zigarrogileen plaza” edota Iruñeko “Emakume Aintzindarien parkea”. 

Perearen esanetan, Bilboko kale, plaza zein etorbideen izenek "emakumeen lanak eta historia argi eta garbi aitortu behar dituzte, inbisibilizazioari aurre egiteko eta berdintasunaren aldeko konpromisoan pausoak ematen jarraitzeko". 

EH Bilduko zinegotziak azpimarratu duenez, gaur onartutako proposamena "garrantzitsua" da, izan ere, eremu publikoei emakumeen izenak jartzea "ez da kapritxoa, emakumeek historian zehar izan duten papera aitortzeko ariketa da, berdintasuna eta kontzientzia historikoa sustatzekoa, alegia". "Bada garaia, emakumeok, kaleak berreskuratzeko", aldarrikatu du.