EH Bildu udal taldeak akordioa lortu du hiriko kirol instalazioak hobetzeko eta herritarren eta kirol kluben eskaerei erantzuteko. Akordio horrek Txurdinagako, Errekaldeko, Zorrotzako eta San Inazioko kiroldegiei eragingo die. "Badakigu beharrizan gehiago daudela hiriko kiroldegi ezberdinetan, baina akordio honek jarraipena izatea espero dugu, eta EH Bildun hala izan dadin lan egingo dugu", adierazi du Patxi Xabier Fernandez EH Bilduko zinegotziak.
Fernandezek osoko bilkuran egin ditu adierazpen horiek. Bertan, gobernu-taldearen eta alderdi subiranistaren artean transakzionatutako zuzenketa bat onartu da, azken honen ekimenez. Zinegotziak azaldu duenez, bere proposamenarekin, EH Bilduk maiatzeko Osoko Bilkuran onartutako mozioa bete nahi du, Bilbao Kirolakek eskaera ezberdinei ematen dizkien erantzunak hobetzeko, proposamen zehatzen bidez.
Horrela, lortutako akordioaren bidez, Txurdinagako kiroldegian, hockey pabiloiaren ondoan, irristaketa egiteko berotze-gune bat jarriko da. "Hockeya hazkunde betean dago eta espazio honek instalazioak hobeto aprobetxatzea ahalbidetuko du. Santutxu Hockey taldeak EH Bilduri egindako eskaera da gainera, auzoko eragileen kezkak ezagutzeko Santutxun egin zuen auzo biraren baitan", adierazi du.
Bigarrenik, alderdi soberanistaren ekimenez, Errekaldeko kiroldegian beroketa ariketak egiteko gune bat prestatuko da futbol zein errugbi taldeentzat, talde askok entrenatu eta jokatu behar baitute. Era berean, instalazioa osatzen duten kirol-espazioetatik pertsonak nola igarotzen diren aztertuko da, irisgarritasuna hobetzeko helburuarekin.
Bestalde, Zorrotzako kiroldegian aldagela berriak jartzearen bideragarritasuna aztertuko da, baita egungo GDMa auzoko kirol-kluben lokaletarako erabiltzeko aukera ere, kontuan hartuta beste udal-arlo batzuek local horietarako baloratu ditzaketen alternatibak. "Hasierako proiektuan sei aldagela egitea aurreikusten zen, baina lau baino ez ziren egin, eta, beraz, ez dira pertsona eta klub erabiltzaileen beharrak betetzen", adierazi du Fernandezek. Gainera, "lokal berri batek aukera emango lieke auzoko klubei, besteak beste, Zorrotza FCri, zelaitik gertu espazio bat izateko".
Azkenik, San Inazio kiroldegian jokatzen duten futbol-taldeen eskariak baloratuko dira etorkizuneko instalazio-eraikuntzetan. Fernandezek azaldu duenez, gaur egun, auzoan futbol-zelai bakarra dago, baina talde kopuruak gora egiten du, batez ere emakumezkoen futbolaren hazkundeagatik. "Izan ere, 30 bat taldetako ia 600 pertsonek erabiltzen dute zelaia gaur egun, eta, beraz, egungo beharrei nola erantzun aztertu behar da", azpimarratu du.
Patxi Xabier Fernandezek adierazi du akordio "ona" dela, Bilbao Kirolaken instalazioei buruzko beharrizanei erantzutea ahalbidetuko duena, baina zehaztu du beharrezkoa dela lanean jarraitzea instalazio horiek eta hiriko beste asko hobetzeko, kirola sustatzeko eta bilbotarren eskaera guztiei erantzuteko".