AKTUALITATEA


| 2021-05-27 17:37:00

Bilboko Udalak, EH Bilduk proposatuta, Bilboko arte-adierazpeneatan sortutako egoeraren diagnostikoa egingo du, hainbat eragilerekin harremanetan eta lankidetzan (profesionalak, amateurrak, elkarteak, akademiak, etab.), egungo eta etorkizuneko egoerak eta beharrak ezagutzeko eta Udalak neurriak ezartzeko. EH Bilduk aurkeztutako mozio baten ondorioz, alderdi soberanistak eta gobernu taldeak egindako zuzenketa onartu ostean adostu dute akordioa.

Era berean, Udalak, kulturari eta hezkuntzari ematen duen babesaren barruan, esparruan, artista eta sortzaile gazteen lana sustatu eta babesteko neurriak abiaraztea aztertutko du.

Ildo beretik, Jone Goirizelaiak, EH Bildu Bilboko bozeramaileak, adierazi duen bezala, kultur arloan egiten den lan garrantzitsua kontuan hartuta, hau da, tokiko kulturaren erakusle eta oinarri dela; sektoreko eragileek (antzerkia, dantza, musika, literatura, ikus-entzunezkoak, abesbatzak…) egiten duten lanari ezagutza agertzeko eta sustatzeko ekimenak egingo dira, dagozkien adierazpen artistikoak ospatzeko Nazioarteko Egunarekin bat egiten ahaleginduta.

Goirizelaiak gogoratu duenez, pandemiak ondorioak izan ditu esparru guztietan, Bilboko eta Euskal Herriko kultur esparruan baita ere. “Dantzara, antzerkira, musikara, edo beste adierazpen artistiko batzuetara dedikatutako pertsonek, elkarteek, akademiek… ezohiko egoera batera egokitu behar izan dira, horretarako asmamen dosi handiak erabiliz, horrek ekarri duen kostuarekin eta zailtasunekin", azaldu du.

Egia da gaur egun presentzialtasuna berreskuratu ahal izan dela, baina, Goirizelaiak esan duenez, egoerak "zaila izaten jarraitzen du diziplina artistiko desberdinentzat, segurtasun-arauek jarduera mugatzen dutelako (edukiera, distantzia, etab.) eta zenbait jarduera oraindik ezin direlako gauzatu”. "Abesbatzek, antzerki taldeek, akademiek, ikuskizunetako teknikariek edo laguntzaileek egoera ezohikoan eta prekarioan jarraitzen dute", gaineratu du.

Gainera, ohartarazi duenez, egoera horrek "pertsona askok diziplina artistikoak alde batera uzteko arriskua dakar, eta hori oso albiste txarra da kulturarentzat eta gure hiriarentzat, kulturarik gabeko herria etorkizunik gabeko herria delako".

Hala, gaur lortutako akordioa "garrantzitsua" dela azpimarratu du, "gure kultura eta gure hiriaren egungo eta etorkizuneko artistak zaintzeko urrats bat delako". "Pertsonek abesten, dantzatzen, antzerkia egiten, idazten… jarraitu ahal izateko Bilbo bat nahi dugu, horrek guztiok aberasten gaituelako eta hiriari bizia ematen diolako", gaineratu du.