Maria del Rio EH Bilduko bozeramaileak adierazi duenez, Udal Gobernuak 2025erako aurkeztutako aurrekontu proiektuak ez du "ez anbiziorik ez ibilbide orririk" eta, gainera, inbertsio errealetan jaitsiera "kezkagarria" du. "Bereziki garrantzitsua da Kulturara bideratutako partidaren beherakada", adierazi du. Bere ustez, "aurrekontu honen helburua zerbitzu publikoak mantentzea dela baieztatzeak, Udal Gobernuaren immobilismoa eta helburu falta adierazten du".
Horren harira, esan duenez, gobernu-taldeak "ez du azaldu aurrekontu horrekin zer helburu lortu nahi den, adibidez, etxebizitza, zaintza eta trantsizio ekologikoa bezalako arloetan".
Ildo horretan, aurrekontuan "erakunde arteko bide-orri baten falta" ere somatzen dela gaineratu du, bere ustez, "politika publikoen koordinazioa eta eraginkortasuna bermatzeko guztiz beharrezkoa dena", are gehiago Bilbo aurrekontu handiena duen hiria denean.
Bestalde, aurrekontu parte-hartzaileei dagokienez, "anbizio falta" nabarmendu du, Auzokide Planak programarako partida 14 milioi eurotan izoztu baita. "Zenbateko bera erabiltzea barrutietako obretarako, urtez urteko prezioen igoera eta udal aurrekontuaren igoera kontuan hartuta, herritarren parte-hartzea bermatzeko borondate faltaren adierazlea da", adierazi du.
Maria del Riok udal gobernuak aurrekontua aurkezteko forma ere aipatu du. Bere esanetan, "kontraste eta parte-hartze barik" aurkeztu du. "Aurten ere, Udal Gobernuak, udalbatzako gainerako taldeekin aurrez elkarrizketarik izan gabe eta ia azalpenik gabeko ordu erdiko batzorde espres batean aurkeztu du aurrekontua, jarraian prentsaurrekoa deitzeko", azaldu du. Haren ustez, gobernu taldeak "lehentasuna ematen dio prentsako titularrari Bilbok merezi duen gobernantza kooperatiboaren ereduaren gainetik. Lan metodologia kezkagarria da".
Jardun horretatik urrun, Maria del Riok ziurtatu du EH Bilduk kontuak sakon aztertuko dituela eta aurrekontuei buruzko eztabaidari "eraikitze asmoz" ekingo diola. Horrela, besteak beste, etxebizitza, zaintza, trantsizio energetiko eta gobernantza arloetan hiriak dituen erronkei aurre egingo dien aurrekontu bat lortzeko prest agertu da.
"Ibilbide-orri bat behar dugu Bilborako, titularretan eta inertzietan oinarrituta lan egin beharrean", adierazi du Maria del Riok. EH Bilduko bozeramailea "helburu partekatuak garatzeko eta aurrekontuak helburu horien zerbitzura jartzeko" prest agertu da. "Gobernu taldeak jarrera aldatzea espero dugu, gure jarrera argia da", esan du.