AKTUALITATEA


| 2025-02-05 10:34:00

Karlos Renedo EH Bilduko zinegotziak esan du Udal Gobernuak "beste behin ere kudeaketa on bat egiteko ezintasuna" erakutsi duela. Horrela, TAOrekin gertatutakoari buruz hitz egin du, 1.500 bilbotar ingururi isuna jarri baitie egoiliar txartela aldez aurretik abisatu gabe kendu ondoren. Era berean, Renedok "akatsa lehenbailehen zuzentzeko" eskatu dio Mugikortasun Sailari, kontuan hartuta, gainera, txartela 4.500 pertsonari kendu zaiela, hau da, 2024ko abenduan alta emanda zeuden 36.000 erabiltzaileen %12ri. 

EH Bilduko zinegotziak "onartezintzat" jo du 2025ean egonda, "dagokion jakinarazpenik gabe", erabiltzaileei TAO txartela kentzea, horrek salatutako bezalako egoerak eragiten dituelako. "Edozein administrazio publikoan, logikoena erabiltzaileekin harremanetan jartzea litzateke, baldintza guztiak betetzen ez dituztela azaltzeko, beharrezko dokumentazioa aurkezteko epe bat emateko, eta, bete ezin badute, txartela kentzeko, betiere dagokion jakinarazpenarekin", azaldu du. 

"Udal Gobernuak TAOren digitalizazioaz hitz egiten du, app-aren ezarpenaz, matrikulen sistemaren finkapenaz, baina gero ez al da gai erabiltzaileei komunikazio indibidualizatua egiteko?", galdetu du, eta gaineratu du "inkoherentea dela eta defendatzen omen den gobernu eredu garden, moderno eta parte-hartzailearen aurka doala". 

Hala ere, Renedok ohartarazi duenez, orain TAOn sortutako egoera "ez da gertakari isolatua", "Mugikortasun Arloaren kudeaketan gehitu beharreko zerrenda luze baten kapitulu bat baino gehiago delako: Bilbobuseko greba, Artxandako funikularrak eragindako gatazka ezberdinak, ZBE ezartzeak eragindako arazo ugari eta Alde Zaharreko oinezkoentzako lehentasun-eremukoak ere bai. "Horrek guztiak agerian uzten du Mugikortasun Arloak egiten duen kudeaketa kezkagarria dela", ondorioztatu du.