AKTUALITATEA


| 2022-09-27 13:10:00

EH Bilduk Bilbok Udal Gobernuari eskatu dio Energia Aurrezteko Udal Ekintza Plan bat lehenbailehen diseinatzeko, krisi energetikoaren testuingurua kontuan hartuta. Plan hori egiterakoan herritarren parte-hartzea bermatzeko eta, planaren jarraipenean edo garapenean, gardentasuna bermatzeko eskatu du baita ere alderdi soberanistak. Eskaera hori iraileko Osoko Bilkuran eztabaidatuko den mozio baten bidez egin du EH Bilduk.

Asier Gonzalez EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, krisialdi ekonomiko eta energetiko batean murgilduta gaude. “2008az geroztik okerrera egin dute pobrezia energetikoaren inguruko adierazleek, gainera, gerraren eta energia-enpresa handien estrategien ondorioz inflazioa maila onartezinera igotzen ari” adierazi du. Ildo honetan, ohartarazi duenez, “asko izango dira etxean berokuntza edota freskatze egokia lortzeko gastuei aurre egiteko zailtasun handiak izango dituzten bilbotarrak”.

Testuinguru ekonomiko horrek, klima-aldaketaren ebidentziarekin batera, nabarmendu duenez, “talka-politikak ezartzea eskatzen digu, aurrezte energetikoari lotutako neurri azkarrak, bai esparru edo domeinu publikoari dagozkionak eta baita bilbotarren ekonomia babesteari dagozkionak ere”. “Jendartearen pobretzea eragozteko eta Bilboren erresilientzia ahalmena indartzeko politika publikoak artikulatu behar dira, hain zuzen ere”, gaineratu du.

Ildo horretan, Gonzalezek gogoratu duenez, Bilbok Energia Jasangarrirako Ekintza-Plana zuen, 2012-2020 artekoa. “Plan hori iraungi egin da, eta ebaluatu eta berritu egin behar da, testuinguru berrien arabera, Korporazioaren eta gizarte-eragileen parte-hartzea bilatuz”, azpimarratu du. Horrela, tokiko ekintza-plan horrek beste administrazio batzuen proposamenak gure errealitatera egokitu beharko dituela adierazi du.