AKTUALITATEA


| 2022-02-22 11:48:00

Jone Goirizelaia eta Alba Fatuarte EH Bilduko zinegotziak “kezkatuta” agertu dira Bilboko Berdintasunaren aldeko Emakumeen Kontseiluak bizi duen egoerarekin; haien ustez, “gaur egun ez delako tresna eraginkorra, eta ez duelako lortzen Bilboko emakumeen elkarteen eta mugimendu feministaren parte-hartze aktiboa egituratzea”.

Adierazi dutenez, udal-gobernua “egoera horrekin konformatzen da, eta ez du aurrerapausorik ematen” eremu hori suspertzeko; izan ere, espazio hori emakumeek bizitza publikoan aktiboki parte hartzeko tresna bat izatera deituta zegoen, baita emakume-elkarteen, mugimendu feministaren eta Udalaren arteko koordinaziorako espazioa izatera ere. “Alabaina, funtzio hori betetzetik oso urrun dago; emakumeen elkarte gutxi batzuk daude bertan eta, aspaldi, mugimendu feministak espazio hori utzi zuen”, azaldu dute.

EH Bilduko zinegotzien esanetan, gobernu taldea “eroso” dago egoera honetan, eta, beraz, “ez du ahaleginik egiten Bilbon dugun feminismo-sare zabal eta anitzarekin akordioak lortzeko”.

Egoera hori otsailaren 24ko osoko bilkuran islatuko da, bertan Kontseilu horren antolaketa- eta funtzionamendu-erregelamenduaren aldaketa eztabaidatuko baita, eta onartuko den araudi berria “aurrekoa baino okerragoa izango da”.

“Araudiaren funtzionamendua sinplifikatzeko aitzakiarekin hainbat aldaketa proposatzen dituzte, Emakumeen Kontseilua eduki politikoz eta eginkizunez husten dutenak, gaur egun dauden gabezietan sakonduz”, adierazi dute. Hori ikusita, alderdi subiranistak zuzenketak aurkeztu zituen araudi hori hobetzeko, baina formari buruzkoak bakarrik onartu dira, eta edukiaren gaineko bat ere ez.

Emakumeen etxea

Aipatutako guztiak, Goirizelaiak eta Fatuartek ohartarazi dutenez, ondorioak ditu, esate baterako, Emakumeen Etxearen sorreran, mugimendu feministaren aldarrikapen historikoa eta EH Bilduren lehentasuna, hain zuzen ere.

EH Bilduk hainbat proposamen aurkeztu ditu helburu hori lortzeko. "HAPOren negoziazioan, lortutako akordioetako bat Emakumeen Etxeari bide ematea izan zen, San Frantzisko auzoko Telefonica eraikin zaharrean, eta 2021eko aurrekontuetan partida bat lortu genuen Bilboko Udalak parte-hartze prozesu honi hasiera emateko konpromisoa har dezan”, azaldu dute.

Hala ere, Emakumeen Kontseiluaren barruan Bilboko Emakumeen Etxearen sorrerari buruzko prozesu parte-hartzailearen garapenari buruzko kezka ere agertu dute, non, esan bezala, gizarte eta elkarte sarearen parte-hartzea oso urria da.

 “Emakumeen etxea guztion artean eraiki behar dugu, eta, horretarako, kolektibo feministen benetako parte-hartzearen alde egin behar da, baina konpromiso zehatzak hartu behar dira”, adierazi dute. Bestela, esan dutenez, “aukera bat galduko dugu etxe honek aliantzak egiten eta emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna eta Bilboko eraldaketa soziala lortzeko beharrezkoak diren indarguneak eta sinergiak sortzen lagun dezan”.