AKTUALITATEA


| 2023-03-06 13:03:00

Alba Fatuarte EH Bilduko zinegotziak Emakumeen Etxea gauzatzeko gobernu taldearen “argitasun falta eta ekimen politiko eskasa” kritikatu ditu. Fatuartek Nekane Alonso Berdintasun zinegotziaren agerraldian egin ditu adierazpenok, EH Bilduk Bilboko Emakumeen Etxea gauzatzeari buruz Udal Gobernuak dituen asmoen berri eman dezan eskatuta.

“Nekane Alonsok eztabaida desbideratu nahi du, parte-hartze feministako guneez hitz eginez, eta, emakumeen etxe guztiak parte-hartze feministarako guneak diren arren, parte-hartze feministarako gune guztiak ez dira emakumeen etxeak. EH Bilduk eskatuta, azkenean Alonsok emakumeen etxea hurrengo legegintzaldian egingo dela esan du, baina ez zaigu argi geratzen ez non, ez nola, ez noiz”, argitu du Fatuartek.

EH Bilduko zinegotziak gogorarazi du emakumeen etxearen proposamena mugimendu feministaren aldarrikapen historikoa dela, eta alderdi soberanistak urteak daramatzala proiektu hori errealitate bihurtzeko lanean.

Ildo horretan, adierazi du 2020ko aurrekontuetan EH Bilduk lortu zuela gobernu taldeak Emakumeen Etxea sortzeko prozesu parte-hartzaile bati hasiera emateko konpromisoa hartzea, eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren negoziazioan adostutako proiektuetako bat San Frantzisko auzoko Telefonica eraikin zaharrean Emakumeen Etxeari bide ematea izan zen.

Prozesu parte-hartzaileari dagokionez, zalantzan jarri du Fatuartek, izan ere, mugimendu feministak ez du parte hartu. “Parte-hartze prozesu bat, lankidetzan, konpromisoan eta zubiak ehuntzean oinarritu behar da, eta horretarako ahalegin bat egin behar da, prozesu honetan falta izan dena”, adierazi du. Hori dela eta,  “bere emaitzak eztabaidagarriak dira. Oraindik aurrera ikusi beharko dugu zer urrats egiten diren, orain arte gai horren inguruan gardentasunik egon ez delako”, gaineratu du.

“Martxoaren 8aren atarian, mugimendu feministak berriro kaleak hartuko dituen egunean, Udal Gobernuak argi azaldu beharko luke zergatik Bilbok 2023an oraindik ez duen Emakumeen etxea”. “Argazkian txapa morearekin ateratzeak ez du ezertarako balio, erakundeek politika feminista eraginkorrak garatzen ez badituzte, eta Bilbon ezin da egun bat gehiago atzeratu Emakumeen Etxea martxan jartzea”, azpimarratu du.