AKTUALITATEA


| 2024-11-21 11:33:00

EH Bildu udal taldea Udal Gobernuak aurkeztutako aurrekontu proiektuaren inguruan hitz egiteko prest agertu da gaur, horiei "ibilbide orri bat" ezartzeko helburuarekin, "bilbotarren borondateari eta beharrei erantzuteko politika eraldatzaile eraginkorrak martxan jarri ahal izateko". Horrela, osoko zuzenketa bat eta 39 zuzenketa partzial aurkeztu ditu, 30 milioi eurotik gorakoak, "etxebizitza parke publikoa handitzea, zerbitzu publikoak eta zaintza zerbitzuak hobetzea, aztarna ekologikoa murriztea, tokiko ekonomia bultzatzea, auzoak indartzea eta komunitate egiturak ehuntzea" helburu duten sei ardatzen inguruan. 

"Beharrezkoa da erronka horiei irtenbide bat ematea, baita Bilbotik ere", nabarmendu dute Maria del Riok eta Karlos Renedok EH Bilduko bozeramaileak eta zinegotziak, hurrenez hurren, gaur eskainitako agerraldian. Del Riok gogorarazi du iaz, gobernantza kooperatiboan aurrera egite aldera, EH Bildu prest agertu zela negoziatzeko eta, hala badagokio, etorkizuneko udal aurrekontuak adosteko. Hala ere, adierazi duenez, udal aurrekontuen proiektuaren lehen fasean "lan egiteko modua betikoa izan dela ikusi dugu: "gobernukideen arteko banaketa; lau hormen artean egindako aurrekontua, inorekin kontatu gabe". 

Horren aurrean, EH Bilduk osoko zuzenketa bat aurkeztu du, eta horrekin aurrekontua itzultzea eskatu du, "ez guztiari ezetz diogulako, gauza batzuk gustatzen zaizkigu eta beste batzuk ez, baina gauzak beste era batera egin daitezkeela uste dugu, negoziazioa eta partaidetza ahalbidetuz". 

Horrenbestez, osoko zuzenketa "sakontze demokratikoagatik" aurkeztu dutela adierazi du, "baita eraginkortasuna bilatzeko ere", izan ere, aurrekontuak dira "nahi dugun Bilbo erabakitzeko tresna garrantzitsuenetako bat". Hala ere, horretarako, "ibilbide-orri bat beharrezkoa" dela ziurtatu du, "aurrekontuak eragin nahi duen helburuak finkatzea, alegia"."Aldiz, Udal Gobernuaren proposamenak ez du horrelakorik, inertzian oinarrituta egindako kontuak direlako, gogorik gabe", gaineratu du. 

"Aurrekontuek, kalkulu-orri batean proiektu-zerrenda bat baino gehiago, helburu batzuk betetzera eramango gaituen logika bati jarraitu beharko liokete", nabarmendu du. Ildo horretan, EH Bildu "elkarrizketarako prest" dagoela adierazi du Del Riok, "Bilborentzat nahi ditugun helburuez eta partida zehatzen bidez helburu horietan eragina izateko moduaz hitz egiteko". 

"Bilbok anbizioa behar du. Ez du balio dagoenari "eustea", hori baita udal gobernuak ezarri duen helburu bakarra", nabarmendu du. Ildo horretan, honako galdera hau egin du: "Nola konponduko dugu hiriko etxebizitzaren arazoa, Etxebizitzak aurrekontu txikiena duen arloa izaten jarraitzen badu, 3,7 milioi eurorekin, ia 720 milioi euroko aurrekontutik?". 

Zuzenketak 

Bestalde, Karlos Renedok azaldu duenez, EH Bilduk proposamen zehatzak ditu, pertsonen egunerokoan eta etorkizunean eragina izan dezaketenak. Proposamen horiek alderdi soberanistarentzat lehentasunezkoak diren sei ardatzen inguruan egin dituzte. 

Renedok gogorarazi du Bilbon dugun etxebizitza-arazo larria: etxebizitza eskatzen duten 29.000 pertsona inguru daude Etxebiden izena emanda. Testuinguru horretan, gobernu taldeak proposatutako aurrekontuarekin "nekez jar daitezke martxan gure hirian ditugun erronkei aurre egiteko politika eraginkorrak", adierazi du. 

Hori dela eta, EH Bilduk etxebizitzari zuzendutako aurrekontua bikoiztea proposatu du. Ildo horretan, 3,3 milioi euro bideratzea etxebizitza-parke publikoa handitzeko, bai eraikuntza berrirako, bai etxebizitza hutsak erosteko.Halaber, erronka demografikoari aurre egiteko, beste 3 milioi euro eskatu dituzte adinekoentzako etxebizitza komunitarioetarako. "Horrela, egungo arazo bati erantzunak eman nahi dizkiogu, baina baita etorkizuneko erronka bati ere", nabarmendu du. 

Tokiko ekonomia bultzatzea da EH Bilduren beste helburuetako bat, eta, helburu horrekin, besteak beste, Bilboko Denda Bonoa berreskuratzea proposatzen dute, tokiko merkataritza dinamizatzeko. "Kontuan hartuta datorren urtean Eusko Jaurlaritzak ez duela neurri hori martxan jarriko, eta saltokien eta erabiltzaileen artean harrera ona dutela, uste dugu Bilboko Udalak milioi bat euroko aurrekontu-partida gaitu beharko lukeela ekimen honetarako", nabarmendu du. 

Zerbitzu publikoak eta zaintza-zerbitzuak hobetzea da EH Bilduren lehentasunezko beste ardatzetako bat, eta 10 milioi euro inguruko zuzenketak eskatu dituzte. "Etxeko Arreta Zerbitzuaren garrantzia kontuan hartuta, bost milioi euroko igoera eskatzen dugu zerbitzuaren kalitatea hobetzeko eta langileen eskubideak bermatzeko", azaldu du Renedok. 

Bestalde, azaldu duenez, 'Elkar zainduz' programa sortzea eskatuko dugu, zaintzaileei autozainketarako denbora eskaintzeko, horretarako espazio egokia eta atsegina eskainiz. Renedok gogorarazi du, halaber, Udalak berak emandako datuen arabera, etxerik gabeko 600 pertsonak kalean lo egiten dutela Bilbon. Horrek agerian uzten du ahaleginak areagotzeko beharra, eta, beraz, milioi bat euro eskatzen ditugu etxegabetasunari aurre egiteko pausoak emateko. 

Trantsizio ekologikoak hainbat alde ditu, eta hainbat proposamen egiten dituzte horri buruz. EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, eskola-inguruneak berdetzeak, zirkulazioa murriztuz, patioak birnaturalizatzeak eta eskola bideak martxan jartzeak aztarna ekologikoa murrizten lagunduko du. Horrela, milioi bat eurotik gorako partidak proposatzen dituzte, baita hirirako ingurumen-proiektu estrategikoa jartzeko partidak ere: Ibaizabal naturalizatzea eta berreskuratzea Boluetatik Abusuraino, ezinbestekoa baita klima aldaketaren erronkei aurre egiteko. 

Era berean, Renedok adierazi du EH Bilduk etxeetako kontsumo elektrikoa optimizatzearen aldeko apustua egiten duela, etxetresna elektriko eraginkorrak erostea sustatuz. Horretarako, dirulaguntza lerro bat proposatu du egoera zaurgarrian dauden familiei oinarrizko etxetresna elektrikoen eraginkortasun energetikoa hobetzen laguntzeko, Udalak erosketaren ehuneko bat diruz lagunduz. 

Renedok auzoen arteko arrakala, zoritxarrez, oraindik ere errealitate bat dela gogorazi du, baita  auzoetako irisgarritasun falta ere. Hortaz, aurten ere Auzokide Plana handitzea eta Bilboko auzoetarako irisgarritasun plana egitea eskatzen dute. Guztira 6,8 milioi eskatzen dituzte Bilboko auzoetako bizilagunen bizi-kalitatea hobetuko duten hainbat ekimenetarako. 

Renedoren esanetan, egitura komunitarioak ehuntzea "funtsezkoa" da EH Bildurentzat, horrek eragina baitu nahi dugun hiri ereduan. Ildo horretan, auzoko jaietarako dirulaguntzak handitzea eta jai batzordeei zuzendutako azpiegituretan inbertitzea eskatzen du. Ildo berean, gune kogestionatuak sortzeko eta zabaltzeko bi milioi euro eskatu ditu EH Bilduk. Euskara "ondarea eta kohesiorako funtsezko elementua" dela kontuan hartuta, besteak beste, hiriko hizkuntza-mapa egitea eskatzen dute. 

"Laburbilduz, proposamen egingarriak, eraldatzaileak eta gure ustez pertsonen bizitza hainbat arlotan hobetzeko eraginkorrak direnak. Etorkizunari aurrea hartu, inertziak gainditu eta Udalaren kontuetan anbizioz eta eraginkortasunez jokatu nahi duten neurri zehatzak dira", adierazi du Del Riok. 

Azkenez, Del Riok berretsi du EH Bildu negoziatzeko eta akordioak lortzeko prest dagoela. "Espero dugu Udal Gobernuak kasu egitea eta gobernantza kooperatiboko eredu bat Bilboko Udalean ezartzen joatea, osoko zuzenketa aurkezten dugun azken aldia izan dadin", amaitu du.