AKTUALITATEA


| 2020-05-20 12:31:00

EH Bildu Bilbo udal taldeak lau mozio aurkeztu ditu datorren ostegunean, maiatzaren 28an, udal osoko bilkuran eztabaidatzeko, eta honako gai hauek jorratuko dituzte: pertsona autonomoei eta Bilboko enpresa txikiei merkataritza-geldialdian beren gain hartu behar izan dituzten gastuen zati bat ordaintzen laguntzeko zuzeneko diru-laguntzak; oinarrizko gizarte zerbitzuen plantilla indartzeko mugak baliogabetzea; alokairuaren merkatu pribatuaren prezioak erregulatzeko premiazko neurriak; eta espazio publikoa biregituratzea oinezkoen eta txirrinduen mugikortasuna sustatzeko.

"Gure mozio guztiak COVID 19ak sortutako krisiak Bilbon sortutako edo areagotutako beharrei erantzuteko dira; beraz, ahalik eta akordio gehien lortzea espero dugu, gure ekimenak aurrera ateratzeko, bilbotarrentzat oso garrantzitsuak direla kontuan hartuta", adierazi du Jone Goirizelaiak, EH Bilduko bozeramaileak.

Autonomoentzako eta enpresa txikientzako zuzeneko diru-laguntzak

Horrela, mozio batean, EH Bildu Bilbo udal taldeak azterketa bat egiteko eskatu dio Udal Gobernuari, ordenantza bat egin dezan, zuzeneko diru-laguntzen bidez, Bilboko autonomoei eta enpresa txikiei laguntzeko, txikizkako saltokiek, ostalariek eta hainbat gremiok osasun-alarmaren ondorioz merkataritza-geldialdian jasan behar izan dituzten ohiko gastuen zati bat ordaintzeko, hala nola, alokairuaren ordainketa, fakturazioan murrizketa edota salgaien horniduragatik izandako gastuak.

EH Bildu udal-taldeak proposatzen du azterlan hori gehienez ere bi hilabeteko epean egitea (2020ko ekaina-uztaila) eta, hori egiteko, laguntzaren xede diren sektoreetako elkarte profesionalak kontuan hartzea. "Egindako azterketaren ondoren ordenantza beharrezkoa bada, gauzatu egingo da, izaera juridikoa emanez eta 2020ko urte fiskal honetan garatzeko behar besteko diru-partida emanez", proposatu du EH Bildu Bilbok mozioan.

Alokairuko etxebizitza

Bestalde, Goirizelaiak ohartarazi duenez, COVID 19ak sortutako krisiaren ondorioz, Bilboko alokairu-eskaintzaren prezioak "gora egiteko arriskua dago; izan ere, ikusten ari garen bezala, lehen turismo-erabilerarako erabiltzen ziren etxebizitza asko alokairuko merkatu librean eskaintzen hasi dira, neurriz kanpoko prezioetan eta gehiegizko sarbide baldintzekin".

"Horrek coronavirusa agertu aurretik Bilbon zegoen arazo bat larriagotu besterik ez du egiten: alokairuko etxebizitzarena", gaineratu du. Hori dela eta, EH Bildu Bilbok mozio bat aurkeztu du Gobernu Taldeari eskatzeko plan bat abian jar dezala alokairuko etxebizitzen parke publikoa handitzeko behar diren politikak ezartzeko, Bilboko Udal Etxebizitzen OALean inbertsioak egiteko proposamen bat eginez, eta etxebizitza horietarako sarbidea gazteei eta emakumeei lehenetsiz.

Halaber, EH Bilduk eskatu du Bilboko Udalak Eusko Jaurlaritzari eska diezaiola alokairuaren merkatu pribatuaren prezioaren erregulazioan eragin zuzena izango duten premiazko neurriak har ditzala, alokairuaren prezioa mugatzea ahalbidetuko duten baldintzak eta moduak legez arautuz.

Oinarrizko gizarte-zerbitzuak eta espazio publikoa birkonfiguratzea

Beste mozio batean, EH Bildu Bilbok gaur egun gizarte zerbitzuetan zerbitzu egokia eta beharrezkoa emateko beharrezkoak diren pertsonak kontratatzea eragozten duten baldintzak ezabatzea proposatu du. Horren harira, Goirizelaiak azaldu duenez, alarma egoeran Udaleko gizarte zerbitzuek "gainezka egin dute aztertu eta tramitatu behar izan dituen laguntza eskaera kopurua dela eta". Alarma egoera amaitu ostean, "zerbitzu hori beharko duten pertsonak gehiago izango direla" kontuan hartuta, "indartu egin beharko” dela gaineratu du.

Azkenik, Goirizelaiak gogorarazi duenez, beste mozio batean, espazio publikoa birmoldatzeko eskatu diote Udal Gobernuari, "ahalik eta osasun berme gehien dituen eta ingurumena errespetatzen duen mugikortasuna lortzeko, bizikletaren erabilera indartuz, ibilgailu pribatuaren erabileraren kaltetan".