AKTUALITATEA


| 2019-09-24 10:00:00

Ostegunean, irailaren 26an, Bilboko Udalean Osoko Bilkura izango dugu eta horrela, gaurko prentsaurrekoan, EH Bildu Bilbo taldeak aurkeztutako mozioen berri ematera gatoz. EH Bilduk bost mozio aurkeztu ditu eta gaiak honako hauek dira: Vista Alegre zezen plazaren erabilerari buruzko kontsulta, LGTBI+ baliabideen udal gunea, aldaketa klimatikoari aurrea hartzea, independentista katalanen kontrako auzian Estatu espainolaren justiziaren erabilpen politikoaren salaketa eta 11/13 makro sumarioaren inguruko mozioa.

Mozio horiek guztiak egun Bilbon eta Euskal Herrian dauden hainbat aldarrikapen,  beharrizan eta kezkei erantzuna emateko helburuarekin aurkeztu ditugu eta horregatik espero dugu adostasunetara heltzea.

Era laburrean mozio bakoitza azaltzen saiatuko gara. Lehenik eta behin  Vista Alegre zezen plazari buruzkoa azalduko dugu; izan ere, pil-pilean dagoen gaia da, batez ere aurtengo Aste Nagusian zezenketek izan duten porrota kontuan hartuta. Gainera, zezen plazak 2014tik gaur arte 800.000 eurotik gorako galera ekonomikoak izan dituela gogoratu behar da.  

Geroz eta Bilbotar gehiago gara, Vista Alegreri erabilera berriak eman behar dizkiogula uste dugunok. Onartezina da XXI. mendean animaliekiko tratu txar eta higuingarriak mantentzea. Bilboko Udalak ezin du beste alde batera begiratu. Horregatik, Bilboko Udalari herritarren artean kontsulta lotesle bat egitea eskatzen diogu Zezen Plazaren erabilerei buruzko iritzia eman dezaten eta bertan animaliekiko tratu txarra oinarri duten ikuskizunak egitea onartzen duten edo ez adierazi dezaten.

Eta espero dugu onartzea baita ere LGTBI+ baliabideen udal gunea sortzeko aurkeztutako mozioa, izan ere kolektiboaren beharrizanei benetako erantzuna emango dio espazio horrek, batetik, informazio, babesa eta LGTBI+ ahalduntzea sustatzeko zerbitzua  eskainiko duelako; eta, bestetik, sexu-aniztasunarentzat harrera zerbitzua izango delako.

Udal Gobernuak ez luke inolako eragozpenik izan behar LGTBI+ baliabideen udal gunea sortzeko, udal baliabide integrala eta LGTBI+ kolektiboa ahalduntzen duena, hain zuzen ere. Ez du ezertarako balio Bilbo LGTBI+ kolektiboarekiko diskriminazio eta biolentzia gabeko hiri askea izatea adieraztea, gero hori lortzeko neurri errealak martxan jartzen ez badira.

Eta neurri errealak behar dira baita ere aldaketa klimatikoari aurre egiteko, izan ere,  Nazio Batuen Ingurumen Panelak aditzera emandako txostenak egoera larria dela ohartarazten du, esfortzuak areagotzen ez badira hondamendira goazela azpimarratuz.

Horrela aurkeztutako mozioan honako hauek eskatzen ditugu, besteak beste:   Bilboko Udalak “klima-aldaketa eragiten duten udal eskumeneko faktore guztiei buruzko diagnosi bat eta 4/2019 Jasangarritasun Energetikoaren Legearen garapena udalerrira egokitzeko hurbilpen lan bat egitea eta hori kontuan hartuta, Bilboko Udalari prozesu parte-hartzailea martxan jartzea eskatzen diogu.

Bestalde, gaur egun gaurkotasun politikoa duten hainbat gai ere Bilboko Udaleko Osoko Bilkuran eztabaidatzea garrantzitsua deritzogu. Horietako bat irailaren 16an izandako  47 euskal herritarren kontrako epaiketa izan da, euren artean hamaika Bilboko hiritarrak.

Mozioa aurkeztu genuenean oraindik epaiketa egin barik zegoen, baina uste dugu gure mozioak oraindik gaurkotasun handia duela; izan ere, bertan eskatzen dugu epaitutako pertsonek kondena-sententzia jasoko balute, eta kondena hori kartzela-zigorra balitz, zigorra kondenatuen bizilekuetatik hurbil betetzea eta espetxe-legea neurriz ezartzea, baldintzapeko askatasunari, baimenei eta graduei dagokienez. Jon Enparantza eta Arantza Zulueta abokatuek kartzela zigorra bete behar dute. Hortaz, ezinbestekoa da mozio hau onartzea oinarrizko eskubideen aldeko gure konpromisoa adierazteko.

Prozesu hau iraganeko garaien logikekin lotuta egon da. Horregatik, Bilboko Udalari elkarbizitzaren eta giza eskubide guztien defentsaren aldeko apustua egitea eskatzen diogu EH Bilduk.

Eta beste epaiketa batekin zerikusia duen mozioa aurkeztu dugu, Kataluniako buruzagi independentisten auziko epaia. Ildo horretan, Bilboko Udalak Estatu Espainolak  buruzagi independentista katalanen kontrako auzian egiten duen justiziaren erabilpen politikoa salatzea eskatzen dugu eta baita ere adieraztea pertsona horiei leporatzen zaizkien ustezko delituak zentzugabekeria hutsa direla alderdi juridikotik, eta arlo politiko eta sozialetik astakeria bat.

Era berean, Bilboko Udalak politikaren judizializazioak, konponbideak eskaini beharrean,  politikaren jarduna bera zikindu eta zailtzen duela adieraztea proposatzen dugu eta Kataluniaren eta Estatu Espainolaren arteko harreman gatazkatsuak hizketa bidezko konponbide negoziatua behar duela aldarrikatzea, bide politiko eta demokratikoetan oinarritua.

Era berean, Carme Forcadell, Jordi Sanchez, Jordi Cuixart, Oriol Junqueras, Jordi Turull, Josep Rull, Raül Romeva, Joaquim Forn eta Dolors Bassa hiritarren berehalako askatasuna planteatzen dugu eta Bilboko Udal Korporazioaren ordezkaritza batek bisita ofiziala egitea .