Maria del Rio EH Bilduren Bilboko alkategaiak gogorarazi du Bilbon “zor historikoa” dagoela mugimendu feministarekin, “ez baitugu emakumeen etxerik ezta ahalduntzeko gunerik ere ez”. Bere ustez, “ulertezina” da “Bilbo izatea espazio hori ez duen hiriburu bakarra”, eta, horrela, EH Bilduren konpromisoa erakutsi du, “gobernatzen duen udalerrietan egin duen bezala, mugimendu feministaren eskutik martxan jartzeko”.
Bilboko Emakumeen Etxearen eta jabekuntza-eskolaren gabezia hiriko “mugimendu feministaren salaketa eta aldarrikapen historikoa” dela gogoratu du. “Tamalez, Bilboko EAJ Euskal Herriko atzerakoiena da berdintasunaren arloan. Horrela bakarrik azaldu daiteke Donostiak, Gasteizek edo Iruñeak espazio horiek izatea eta, Bilbon, EAJk eta PSEk behin eta berriz uko egitea emakumeen parte-hartzean urratsak egiteari”, salatu du.
Maria del Riok adierazpenok egin ditu gaur EH Bilduk Bilbon egin duen ekitaldi feministan. Bertan Oihana Etxebarrieta legebiltzarkidearekin eta Eneko Ander Romero Batzar Nagusietarako hautagaiarekin batera egon da. Bilboko alkategaiak atzo Orion izandako hilketa matxista salatu du, eta elkartasun osoa helarazi die biktimaren senideei eta gertukoei. “Emakumeok erailak izaten jarraitzen dugu emakume izateagatik, eta, mugimendu feministak dioen bezala, nazkatuta gaude, eta ez dugu beste erasorik onartu behar erantzunik gabe. Erakunde guztien eta, oro har, gizartearen erabateko lehentasuna izan behar du. Hala izan dadin borrokatzen jarraituko dugu”, nabarmendu du.
Era berean, LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Egunarekin bat eginez, gogorarazi du berriki Billabonan izandako eraso homofobo eta arrazista baten berri izan dugula. Eraso hori salatu eta, zoritxarrez ez dela bakarra izan adierazi du, “datuek erakusten baitute erasoen kopurua handitzen ari dela eta gehienak espazio publikoetan gertatzen direla”.
“Erakundeek funtsezko erantzukizuna dute horren inguruan, eta politika publikoak bultzatu behar dituzte, arazoaren oinarrian jardun eta gure gizarteak antolatzen duen sexu-genero eta sexualitate asimetriko, hierarkizatu eta diskriminatzailearen eskema gainditzeko”, nabarmendu du.
Eta, esan duenez, “politikak feministak eta zeharkakoak izan behar dute, eraldatzaileak izan daitezen” eta baztertu behar dira Bilboko egungo gobernuaren ereduaren araberakoak: pinkwhasing eta zuritze-politikak”.