AKTUALITATEA


| 2019-09-23 14:14:00

EH Bildu Bilbok “gogor salatu” du, Atxuri auzoan, emakume batek pairatutako bahiketa eta sexu erasoa eta bere “babes eta elkartasun” guztia helarazi dizkio biktimari. Era berean, indarkeria matxista kasu larri hau salatzeko deitzen diren mobilizazioetan parte hartuko duela jakinarazi du EH Bildu Bilbok.

Jone Goirizelaiak, EH Bildu Bilboko bozeramaleak, adierazi duenez, eraso horren aurrean bere “kezka” agertu du, izan ere, “berriro ere, zoritxarrez, gure hirian, indarkeria matxista kasu larri berri baten aurrean gaude”.

“Onartezina da, eta, arazoaren larritasunaren aurrean, instituzioek premiazko erantzun integrala eman behar dute, behingoz”, azpimarratu du; “biolentzia horren jatorria da gizonen eta emakumeen arteko egiturazko ezberdintasuna baita, emakume izate hutsagatik edozein emakumek sufritu dezake indarkeria: patriarkatuak duen tresnarik eraginkorrenetako bat emakumeak menderatuta izateko”.

Ildo horretan, EH Bilduko bozeramaleak “politika feministak sustengatzen dituzten aurrekontuak” martxan jartzea eskatu du eta Bilboko Udalari berriro ere eskatu dio eraso matxisten aurrean premiazko neurri eraginkorrak abiatzea “berriro erasorik ez gertatzeko eta emakumeen oinarrizko eskubideak bermatzeko”.  “Ezinbestekoa da mugimendu feministarekin elkarlanean neurriak martxan jartzea edozein motatako eraso matxista saihesteko, besteak beste, prebentzio eta hezkuntza programak, hiriko puntu arriskutsuekin bukatzeko ikerketa, autodefentsa feminista ikastaroak bultzatu eta emakumeen ahalduntzea ahalbideratzeko emakumeen etxea”, aldarrikatu du.

“Irailaren 25ean Maguette Mbeugouren erailketa matxistaren urte bete betetzen da eta urte bat beranduago auzo berdinean emakume bat bortxatu eta bahitu dute. Beharrezkoa da ahalik eta arinen neurriak hartzea biolentzia matxistarekin bukatzeko”, esan du.