AKTUALITATEA


| 2020-03-10 15:06:00

EH Bildu Bilboko udal taldeak atzo, martxoaren 9an, mozio bat aurkeztu zuen “neurri eraginkorrak” eskatzeko Bilboko taxiaren sektore publikoa babesteko asmoz. Izan ere, Uber Bilbora heldu da eta “lan prekarioa eta zergak ordaintzea saihesteagatik ezaguna da”.

Bruno Zubizarreta zinegotziak azaldu duenez, mozio honen bidez, Bilboko udaltzainek formakuntza berezia jaso dezatela eskatu du EH Bilduk. Besteak beste, lur-garraioaren ordenamenduaren Araudia (ROTT), Bidaiariak kotxez bidaiatzeko Bilboko hiri barruko garraioaren ordenantza eta gidaria duten ibilgailuen zerbitzuekin zerikusia duten beste araudi batzuk (VTC) jorratzeko.

Era berean, EH Bilduk beharrezkotzat jotzen du Bilboko Udaltzaingoak VTC ibilgailuen gaineko kontrola areagotzea. Batetik, VTC alokairuaren zerbitzua eskaini baino lehen kontratua bete dutela eta kontratu horren egiaztagiria ibilgailuan daramatela ziurtatuz eta; bestetik, VTC alokairuen baimenetara atxikitutako ibilgailuek, inolaz ere, bide publikoetatik bezero bila ibiltzea, edota aldez aurretik zerbitzua kontratatu ez duten bidaiaririk hartzea eragotziz.

Zubizarretak adierazi duenez, “Udalak baditu beharrezko baliabideak legea betetzeko gidaria duten ibilgailuen zerbitzuaren (VTC) kasuan”. “Gaur egun, Bizkaian 20 VTC unitate daudela zenbatzen da, batez ere Bilbo handian. Horregatik, Bilboko Udalak eraginkortasunez jardun behar du gidaria duten ibilgailuek (VTC) legea betearazteko, eta ez tramite hutsezko neurriekin”, azpimarratu du.