EH Bilduko udal taldeak Bilbo osoko turismo jarduera antolatzeko, hotelak eta beste establezimendu batzuk barne, berme juridikoak dituen proposamen bat aurkeztu du gaur, hirian hiru gune identifikatuz: gune saturatuak, saturazio arriskuan daudenak eta gainerakoak. Horretarako, bi adierazle ezartzea planteatzen du, eta horietan oinarrituta, epe ertain eta luzera konponbide integralak emango dituzten neurri zehatzak hartuko dira.
Bilbon eskainitako prentsaurrekoan, Maria del Rio eta Karlos Renedo EH Bilduko bozeramaileak eta zinegotziak, hurrenez hurren, Udal Gobernuak planteatutako alojamendu turistikoei buruzko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) aldaketari alderdi subiranistak aurkeztuko dizkion alegazioak aurkeztu dituzte. Izan ere, Del Rioren esanetan, Udal gobernuaren proposamena, dagoen moduan onartzen bada, "aukera galdu bat izango da".
Horren ildotik, EH Bilduko bozeramaileak ohartarazi duenez, Udal Gobernuaren proposamenak, hiriko eremu batzuk bakarrik arautzera mugatzen denez, "olio-orban bat sortuko du, eta, horren ondorioz, pisu turistikoak gainerako auzoetan hedatuko dira, batez ere aldameneko auzoetan". Halaber, azaldu duenez, "gune batzuetan pisu eta apartamentu turistikoak arautzera mugatzen da, eskaintza turistiko osoa kontuan hartu gabe, hotel berriak eraikitzeko bidea libre utziz".
"Ez hori bakarrik, zehazkabetasun handiak ditu, ez dator bat Bilbo berehala etxebizitza-eremu tentsionatu deklaratzearekin, eta ez dio erantzuten egin beharreko galderari: zein da Bilboren muga?", adierazi du. Espediente osoan ez dagoela "inolako irizpiderik, ezta adierazlerik ere, eremu saturatuak edo kontzentrazio handikoak ezartzeko" gaineratu du.
Adierazleak
Horrela, Renedok iragarri du, EH Belduren proposamenaren bitartez, bi adierazle proposatzen dituela, Adierazle Turistikoen Europako Sisteman jasotakoak, turismo jasangarria sustatu nahian. "Lehenengo adierazlearekin, 'zama-gaitasuna', hau da, bilbotarren bizi-kalitatea ez kaltetzeko, aldi berean gure hirian gaua eman dezaketen turisten gehieneko kopurua ezarri nahi da. Bigarrenarekin, etxebizitza-parkea babestu nahi da, etxebizitza-eskubidea bermatzeko ", azaldu
du.
EH Bilduko zinegotziak adierazi du, lehen adierazlearen bidez, eskaintza turistiko osoaren maximoa 100 biztanleko 10 ohetan ezarriko litzatekela, masifikazioa saihesteko. "Adibidez, Donostian aurreikusten duten adierazlea da, eta Alde Zaharrean eta Abandon gainditzen duguna eta Uribarrin gainditzetik gertu gaude", adierazi du. "Adierazle hori gainditu duten auzoek ez lukete inolako ostatu-lizentzia berririk izango, eta etorkizunean eskaintza murrizten joan beharko lukete", planteatu du.
Bigarren adierazlearen bidez, esan duenez, %2ra mugatuko litzateke gure etxebizitza-parkeari eman dakiokeen erabilera turistikoa. Ehuneko hori egun gainditzen da Olabeagan, Alde Zaharraren eta ondoko auzo guztietan: Bilbo Zaharra, San Frantzisko, Zabala, Iturralde, Atxuri eta La Cruz auzoan. "Kasu horietan ez litzateke ez etxebizitza ez gela turistikoko lizentzia berririk emango, eta etorkizunean eskaintza murriztu beharko litzateke", azpimarratu du.
Gainera, saturazio-arriskuan dauden auzoetarako neurri espezifikoak hartzea proposatu du EH Bilduk. Saturazio arriskuan daudenak turismo-erabilerarako etxebizitza-parkearen %1a gainditzen duten auzoak dira. Horietan pisu turistikoek kaletik sarbide independentea eta irisgarria izan beharko lukete.
Gainerako auzoetarako, alderdi subiranistak irizpide orokor batzuk proposatu ditu, hala nola, etxebizitza-eraikinetan hotelak ez baimentzea, etxebizitza-eraikin bakoitzeko ostatu turistiko bat ezartzea gehienez, etxebizitza turistiko berriek zarataren aurkako babes-araudia betetzea eta Jardueraren Aurretiazko Komunikazioa eskatzea, udalak irekitzeko lizentzia eman dezan, beste jarduera batzuekin egiten den bezala, kontrola errazte aldera.
"Gaurko, baina baita ere etorkizunerako balioko duen tresna bat ezartzea da gure helburua; izan ere, Bilboko turismo-eskaintza handitu egingo da, eta ezinbestekoa da errealitate berrietara egokitzeko aukera emango diguten mekanismoak sortzea", adierazi dute.
Alegazioak datorren astean aurkeztuko dituztela iragarri dute. "Espero dugu Udal Gobernuak hausnarketa eta azterketa sakon bat egitea, guztion artean, gaur egun Bilbon errealitate den arazo honi irtenbideak emateko".