AKTUALITATEA


| 2021-09-14 14:11:00

Jone Goirizelaiak, EH Bilduren bozeramaileak, Bilboko norabidea aldatzea proposatu du, kohesio handiko eta herritarren parte-hartze handiagoa bermatuko duen Bilbo baten alde. Ildo horretan, Bilboko hiri eredua birplanteatzearen beharra aldarrikatu du. Enplegua eta aberastasuna sortzeko aukera bakar gisa, turismoa, ekitaldi handiak eta eraikuntza masiboaren aldeko apustuaren aurrean, "hiri bizi eta dinamiko" baten alde egin du”. "Beste Bilbo bat eraikitzeko asmo sendoa dugu", azpimarratu du.

Goirizelaiak agerian utzi du ekonomia anitza eta iraunkorra behar dela, "industria-orube guztiak bizitegi-eremu bihurtu beharrean". "Pandemiak larrialdi ekologiko eta sozialari aurre egiteko balio behar zuen", baina, esan duenez, "badirudi Gobernu Taldeak ahalegin guztiak zuzentzen dituela Zorrotzaurre aurrera ateratzeko, nahiz eta proiektu horren etorkizuna gero eta ilunagoa izan". Esate baterako, Bizkaiko Foru Aldundiak Nagusi Intelligence Center Urdulizera eraman du.

Haren esanetan, Bilbo "bertako jendea eta auzoak dira", baina auzoak "ez dira modu berean garatzen, Udal Gobernuaren jarreraren ondorioz”. "Auzoen artean dagoen errenta-arrakala kezkagarria da, baita bizi-itxaropenean dagoen aldea ere; auzo batzuetan merkataritza-sarea desagertzen ari da, eta irisgarritasun arazoak daude, batez ere auzo garaietan".

Jone Goirizelaiak Bilboko hiriaren egoerari buruzko Osoko Bilkuran egin ditu adierazpenok. Pandemia egoeran jarraituta, Bilboko herritar guztien eta udal langileen jarrera goraipatu du, bai eta Bilbao Aurreraren esparruan COVIDetik eratorritako ondorio sozioekonomikoei aurre egiteko korporazioak akordioak lortzeko izan duen gaitasuna ere.

Horren harira, honakoa adierazi du: "Orain, irteera ikusten hasi garenez, ez gaitezen autokonplazentzian erori eta Aurrera Planetik atera ditzagun egiturazko arazo larriak konpontzeko balio izan duten neurriak, neurri inklusiboei eutsiz, inork pobrezia energetikoa jasan ez dezan eta inor ez dadin kalean geratu edo isolatuta geratu digitalizazioaren ondorioz".

Goirizelaiak elkarzaintzaren garrantzia azpimarratu du, "zerbitzu publikoak zaintzea, anbulantzia eta erreskatea kendu beharrean indartzea ; etxez etxeko langileen baldintzak zaintzea eta hobetzea; lan-eskubide berdinak langile publikoentzat eta Udalarekin harremana duten enpresa pribatuetako langileentzat; eta beharrezko ekipamenduak auzoetan : ikastetxeak, kulturetxea, gune estaliak, kirol ekipamenduak…".

Horrez gain, adierazi duenez, asko dira Bilbon zaharkituta dagoen eredu baten zantzuak: Zorrotzako trenbidea, Errekaldeko biaduktua, SADER, Artxandako zabortegi handia edo zezen-plaza dira". “Alkateak bere hitzaldian aipatu ez dituen gaiak, hain zuzen ere,  ezta ere metroaren laugarren linea edo Emakumeen Etxea, nahiz eta guretzat lehentasunezko proiektuak izan", gaineratu du.

Goirizelaiak gai horiek guztiak konpontzearen alde egin du, pertsona askoren bizitza hobetzeko, eta, aldi berean, auzotarren erreklamazioei erantzutea aldarrikatu du; izan ere, ekintza integralak eskatzen dituzte, kalean elementu mekanikoak jartzearekin edo espaloiak handitzearekin zerikusia ez dutenak.

"Kirol eta medikuntza ekipamendu publikoak eskatzen dituzte, gazteen enplegu planak eskatzen dituzte, pisu eta lokal komertzialen neurrigabeko prezioari aurre egitea eskatzen dute eta, batez ere, hori guztia bizilagunekin adostuta egitea eskatzen dute, benetako partaidetza bideak irekiz", adierazi du.

EH Bilduren bozeramaileak azpimarratu duenez, "herritarrak  bere egunerokotasunari eragiten dioten gai garrantzitsuetan parte hartzeko eta erabakitzeko prest daude". “EH Bildun euren proposamenak, aldarrikapenak eta ekarpenak entzuten eta kontuan hartzen jarraituko dugu. Horrela, EH Bilduk Auzo Bira bat egingo du datozen asteetan, agintaldi honetan berriz ere pultsua hartzeko eta herritar sentimendua bideratzeko”, adierazi du.

"EH Bilduk justizia ulertzeko modu bat du, politika egiteko modu bat, hiria egiteko modu bat, herria egiteko modu bat. Batzuetan gainerako taldeekin bat egingo dugu, beste batzuetan ez, beste batzuetan akordioak lortuko ditugu, baina ez gara inoiz nekatuko Bilboko herritarren alde lan egiteaz, gure helburu nagusia beste Bilbo bat eraikitzea baita, interes alderdikoien gainetik ", nabarmendu du.