AKTUALITATEA


| 2022-03-30 12:26:00

Bilboko EH Bildu udal taldeak berretsi egin du abstenitu egingo dela Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorraren behin betiko onarpenaren bozketan,  biharko Udalbatzan, hain zuzen ere. Talde soberanistaren esanetan, ezin du azken proiektuaren alde bozkatu, “ez dituelako jasotzen Bilboko etorkizunari buruz ditugun asmo eta ikuspegi guztiak”, baina, bere ustez, “erantzukizun-ariketa bat egin behar da hainbeste urtez izapidetzen aritu ondoren”.

EH Bilduren asmoa zen azken proiektuan ekipamendu zehatz batzuk islatzea, bai auzoetan, bai hiriari zerbitzua emateko: “HAPOa hurrengo urteetarako Bilboko proiekzio urbanistiko bat da eta argazkian herritarren hainbat asmo finkatuta geratzea nahi dugu”.

Beraz, behin betiko onarpena baino lehen, EH Bilduk dokumentu bat negoziatu eta sinatu du Gobernu Taldearekin, etorkizun hurbilean gauzatu beharreko hamar proiektu biltzen dituena eta, bere ustez, bilbotarren bizitza hobetuko duena.

Akordioak esplizituki jasotzen ditu San Frantzisko auzoko emakumeen etxearen gauzatzea, Artxandako eraztun berdea zabaltzea, musika-eskola berri bat eraikitzea eta Deustuko suhiltzaileen parkea birkokatzea, besteak beste. Era berean, gazteentzako eta adinekoentzako zuzkidura- edo komunitate-etxebizitzen sustapena jasotzen du, bai eta etxebizitza-sustapen berrietan etxebizitza publikoak indartzea ere.

HAPOaren abstentzio kritikoa

Jone Goirizelaiak eta Asier Gonzálezek akordioaren xehetasunen berri eman dute, eta horrek “zerbitzu publikoak indartzeko, berdeguneak handitzeko eta emakumeen ahalduntzean aurrera egiteko” balio izango duela azpimarratu dute, baina kritiko agertu dira behin-betiko onartuko den HAPOarekin, “sortutako itxaropenei erantzuten ez dielako, hiri zaharkituaren eredua betikotzen jarraitzen duelako eta Bilboko auzoekin zor historikoak konpondu gabe jarraitzen duelako”.

Era berean, HAPO berriak bultzatzen duen bizitegi-ereduaren arriskuei buruz ohartarazi dute,  “etxebizitzak neurriz kanpo eraikitzearen aldeko apustua egiten baitu, joera demografikoei buruzko gutxieneko hausnarketarik egin gabe eta lurzorua eraikuntza-enpresa handien alde hipotekatuz”. EH Bilduren iritziz, “galdu egin da ekipamenduak handitzeko aukera, interes espekulatiboen aurrean, desindustrializazioaren ondorengo aukera-partzela apurrak bizitegi-erabilerarako okupatuz”.

Bestalde, EH Bilduko bozeramaileak gogorarazi du “herritarren alegazio gehienak, bidezkoak zirenak, atzera bota zirela, eta interes oso partikularren eta irabazi handiko interesen alegazioak onartu zirela, Eliza Katolikoaren, Telefonicaren edo unibertsitate pribatuen hainbat eragiketa ahalbidetuz”.

Hala ere, esan duenez, “erantzukizunez jokatzea” erabaki dugu eta negoziatzeko borondatea agertu dugu HAPOa “gure proposamen zehatzekin hobetuz”. “HAPOaren garapenean bilbotar guztien onurarako proposamenak batzuk sartuko direla uste dugu, etorkizun hurbileko Bilbo hobetuko dutenak”, nabarmendu dute.