AKTUALITATEA


| 2020-05-04 10:12:00

EH Bildu Bilbo udal taldeak, deskonfinamendu fasean, espazio publikoa birmoldatzeko eskatu dio Udal Gobernuari, oinezkoen eta bizikleten mugikortasuna sustatzeko, ibilgailu pribatuaren kaltetan. Horrela, EH Bildu Bilbok korridoreak eta bidegorriak ezartzea proposatu du, baita espaloiak zabaltzea ere, " ahalik eta osasun-berme gehien dituen eta ingurumena errespetatzen duen mugikortasuna lortzeko, bizikletaren erabilera indartuz, ibilgailu pribatuaren erabileraren kaltetan". Eskaera hori maiatzeko Osoko Bilkuran eztabaidatzeko aurkeztu duen mozio baten bidez egin du EH Bildu Bilbok.

Bruno Zubizarretak, EH Bildu Bilboko zinegotziak, azaldu duenez, "normaltasun berria" deiturikoan, COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren ondoren, “bizikleta da urruntasun arauak berme osoz errespetatzea ahalbidetzen” duen garraiobidea; izan ere, Berlin, New York edo Milan bezalako hiriek “jadanik ari dira espazio publikoa birmoldatzen, bizikletaren erabilera indartzeko”.

Horrela, bere esanetan, deseskaladak “azalera publikoa berregituratzera behartzen gaitu bizikleten azpiegitura indartzeko”. Zubizarretak adierazi duenez, “hasiera batean, neurri taktikoak hartu beharko dira, hala nola bizikleta-korridoreak ezartzea, hiriko hainbat txirrindulari-elkartek proposatu bezala, eta, horien funtzionamendua probatu ondoren, bizikleta-errei gisa ezarri ahal izango dira modu iraunkorrean”. Halaber, argitu duenez, “etorkizunean bidegorriak sortzeko aurrekontua handitu behar da, EH Bilduk aurrekontuen eztabaidan proposatu duen moduan”.

Espaloiak berregituratu

EH Bilduko zinegotziak zehaztu duenez, bizikleta erabiltzeko espazioen indartze hori espaloiak berregituratuz osatu behar da; izan ere, 2,5 metro baino gutxiagoko zabalera duten espaloietan, semaforoetako itxaron guneetan, zebra-bideetan edota saltokietarako sarbideetan, arazoak egongo dira bide publikoan pertsonak ez metatzeko jarraibideak edota segurtasun-distantziak betetzeko. 

Horregatik, bere esanetan, “beharrezkoa” da espaloi horiek handitzea, motordun ibilgailuentzako espazioaren kaltetan. “Galtzadako guneak oinezkoen erabilerarako berreskuratzeak aukera emango luke, bai itxaroteko guneetan, bai igarobideetan, espaloien masifikazio posiblea arintzeko eta gizartea urruntzeko neurriak errazteko, espazio publikoaz gozatzea lehenestearekin batera”, nabarmendu du.

Azkenik, Zubizarretak gogoratu duenez, “konfinamendu-aldian, eta, hein handi batean, joan-etorrien murrizketen ondorioz, airearen kalitatearen eta zarataren ingurumen-adierazleak hobetu egin dira Bilbon”. “Proposatu ditugun neurri guztiek maila horiek mantentzen eta birusaren aurkako erresilientzia gaitasun handiagoa duen populazioa izaten lagunduko lukete, airearen kalitate txarraren eta birusaren intzidentziaren arteko erlazioa frogatuta geratu baita”, azpimarratu du.