EH Bilduk Bilboko Atxuri auzoko eraso matxista larria salatu du, eta babes eta elkartasun osoa adierazi dio erasotutako emakumeari. Halaber, adierazi duenez, gertakarien larritasuna ikusita, Bilboko Udalak bere esku dituen aukera legal guztiak aztertu beharko luke, eta beharrezko udal-baliabide guztiak jarri beharko lituzke emakumearen esku.
Jone Goirizelaia, EH Bildu Bilboko bozeramaileak, salatu du beste behin ere indarkeria matxista kasu larri baten aurrean gaudela, eta horren jatorria gizonen eta emakumeen arteko egiturazko desberdintasunean dagoela.
Horrela, Goirizelaiak esan du “erakundeek premiazko erantzun integral bat eman behar dutela, egoeraren larritasunari erantzuteko, eta prebentzioan ahalegin handiagoa egin behar dutela horrelako gertaera larriak berriro gerta ez daitezen”. “Politika feministak behingoz ezartzeko eta berdintasun politikei beharrezko giza baliabideak, baliabide teknikoak eta ekonomikoak eskaintzeko garaia da”, azpimarratu du.
Azkenik, EH Bilduk erasoa salatzeko deitutako mobilizazioetan parte hartuko duela iragarri du.