AKTUALITATEA


| 2022-01-18 12:36:00

EH Bildu udal taldeak mozio bat aurkeztu du urtarrileko osoko bilkuran eztabaidatzeko. Mozio horretan, gobernu taldeari eskatzen dio, gehienez ere sei hilabeteko epean, azterlan bat egin dezala Bilboko auzo bakoitzeko lehen mailako arretaren egoerari buruz, auzo-elkarteen, gizarte-eragileen eta osasun-arloko profesionalen laguntzarekin. Azterketa egin ondoren, EH Bilduk bere edukia euskal osasun zerbitzuari helarazteko eskatu du, hirian lehen mailako arreta indartzeko beharrezko neurriak ezar ditzan.

Jone Goirizelaia EH Bildu Bilboko bozeramaileak adierazi duenez, Bilboko herritarrek aspalditik salatu dituzte osasun publikoaren murrizketak. Are gehiago, joan den astean sindikatuek eta Auzo Elkarteen Federazioak hainbat mobilizazio deitu zituzten kalitatezko osasun publikoa aldarrikatzeko. Bihar, urtarrilaren 19an, ere mobilizazioak egingo dira Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak deituta eta 23an, domekan, manifestazioak sindikatuek deituta.

«Argi dago zerbait egin behar dela Bilboko bizilagunen beharrei erantzuteko, eta horregatik ekarri dugu gai hori Osoko Bilkurara», adierazi du. Horren ildotik, azaldu du COVID-19ak agerian utzi duela osasun-sistema indartsu baten beharra, aurrez aurreko eta hurbileko arreta bermatuko duena, prebentzioan oinarrituta.

Baina, esan duenez, “Osakidetzako lehen mailako arretan azken urteotan egiten ari diren murrizketek, pandemiaren gorakadarekin, larriagotu baino ez dute egin aspalditik gertatzen ari zen egoera: euskal anbulatorioak jendez gainezka daudela eta bertako langileak lanez gainezka, eta osasun-sistema publikoa ez dela gai pazienteak artatzeko”.

Goirizelaiak kritikatu duenez, Osakidetzako lehen mailako arretako “kolapso-egoera hori ez da kasualitatea”, izan ere, “politika publikoak ez dira osasun publikoa indartzera bideratu eta horren emaitza da”.

Hori dela eta, EHBilduk uste du beharrezkoa dela gure hiriko lehen mailako arretaren egoerari buruzko azterketa egitea, herritarrekin, auzo-elkarteekin, gizarte-eragileekin eta osasun-arloko profesionalekin batera.

«Azterlan honek balio behar du gure auzoek dituzten beharrak detektatzeko eta Osakidetzak behar diren neurriak har ditzan premia horiek betetzeko eta bilbotar guztiei kalitatezko osasun publikoa bermatzeko», ondorioztatu du.