AKTUALITATEA


| 2022-09-14 09:57:00

Jone Goirizelaia EH Bilduko Bilboko udal taldeko bozeramailearen ustez “posible da Bilbo hobea izatea, zalantzarik gabe”, baina, hori lortzeko, “beharrezkoa da bestelako hiri bat, Bilbo eredugarri bat Euskal Herrian eta Europan, krisi energetiko, klimatiko eta sozialari aurre egiteko udal-politikak garatuko dituena”.

Bilboko hiriaren egoerari buruzko Osoko Bilkuran egindako hitzaldian, EH Bilduko bozeramaileak gogorarazi du Bilbon 20.000 langabetu kroniko daudela; Otxarkoaga edo Uretamendi auzoetan batez besteko errentak ez direla urtean 12.000 euro baino gehiagokoak, berriz hirukoitza direla Indautxun edo Abandon. Bestalde, 8.000 etxebizitza eskatzaile daude,  Bilbo Etxebizitzak-ek alokairuan 4.000 etxebizitza eskaintzen dituen bitartean. Egoera horri, gainera, hipoteken eta argiaren garestitzea eta prezioen inflazioa gehitu behar zaizkio, besteak beste.

Zehaztu duenez, arrazoiak bat baino gehiago dira, besteak beste, “Txina eta Estatu Batuen arteko lehia geopolitikoa, gerra, edo zakua betetzen jarraitu nahi duten banku handi edota transnazional energetikoen jokoa”. Hau esanda, Aburtori erantzun dio “ez gaudela berreskuratze fasean. Ezinezkoa izan da, eta ezinezkoa izango da Aginte Planaren gidoiaren arabera jardutea”.

Goirizelaiak ziurtatu du “neurri publiko gehiago beharko direla bizitzaren garestitzearen aurrean; izan ere, soldatak neurri berean igotzen ez badira, jendea erabaki zorrotzak hartzera behartuta egongo da, eta,  horrek ondorioak izango ditu”.

“Eta Bilboko Udalak ba al du ildo horretako politikarik artikulatzerik? Udalak bultzatu al dezake trantsizio energetikoa, ez bakarrik arlo publikoan, baizik eta herritarrengan? Udalak hobetu al ditzake funtzionarioen eta kontraten bidez lan egiten duten ehunka pertsonen lan-baldintzak? Udalak esku har al dezake familia-ekonomian funtsezkoa den etxebizitza-eskubidean? Gazteak errotzea erraztu al dezake, alde egin ez dezaten eta Bilbon geratzea hauta dezaten? Udal hau eredugarria izan al daiteke bere babes-sisteman eta trantsizio ekologikoan, mundua Bilbora eta Euskal Herrira begira jar dadin? Bai, noski”, nabarmendu du Goirizelaiak.

Jarduera-ardatz estrategikoak

Ildo horretan, EH Bilduko bozeramaileak adierazi du jarduera-ardatz estrategiko batzuk daudela eta horiek gidatuko dituztela beraien etorkizuneko proposamenak, ardatz horiek larrialdi klimatikoari eta ongizate orokorreko sistemari erantzuten baitiote.

Esan duenez, lehenengo ardatza trantsizio energetikoa bultzatzea da, eta, horretarako, lehen neurri bat proposatu dute, trantsizio energetikorako plan berritua egitea, hurrengo Osoko Bilkuran eztabaidatuko dena.

Azaldu duenez, bigarren ardatza etxebizitza eskuragarria izateko eskubidea da, eta horri bultzada eman behar dio Udalak, jendeak Bilbon geratu nahi badu. Hirugarren ardatzak, berriz, kalitatezko enpleguarekin du zerikusia. Ildo horretan, adierazi du “lan-gatazkei heldu behar zaiela eta konponbide iraunkorrak eskaini behar direla: ezin da izan kontratetara atxikitako langileak etengabe mobilizatu behar izatea beren eskubideen alde. Eta ezin da izan udaltzainei hilabeteetan ez entzutea”.

Laugarren ardatzari dagokionez, giza eskubideak, eskubide politikoak eta sozialak aitortzea eta gauzatzea du ardatz. “Gure etorkizunaren inguruan erabaki nahi dugu, presoak gure artean nahi ditugu, eta jatorri anitzeko pertsonak Bilbo euren etxe sentitzea nahi dugu”, gaineratu du. 

Azkenik, bosgarren ardatzak Bilbok Euskal Herrian duen papera eta nazio eraikuntza indartu nahi ditu, gaineratu du. “Euskarari bene-benetako bultzada eman behar diogu Bilbon; helduen euskalduntzea inoiz ez bezala bultzatu. Eta euskal selekzioei aukerak emateko jarduerak bultzatu”.

"Euskal Herria Bildu sintonia horretan lan egiteko prest dago, gure helburua pertsona guztiak Bilbon gustura eta baldintza duinetan bizi eta lan egitea baita, Udal honen babesa sentituz", nabarmendu du.