AKTUALITATEA


| 2019-10-23 11:08:00

Jone Goirizelaiak, EH Bildu Bilboko bozeramaleak, bere babes eta elkartasun guztia eskaini die lehenengo lan hitzarmen kolektiboa aldarrikatzeko greba hasi duten 18 futbol taldeetako emakume futbolariei, euren artean Athletic-eko emakumeei; izan ere, “ezinbestekoa da emakume futbolarien lan eskubideak aitortzea eta lan baldintza duinak bermatzea”.

“Gaur egun futbol zelaiak emakumeen futbol-partidetan jendez gainezka egoten dira, horren adibidea Anoetan Errealak eta Athletic-ek jolastutako partida; baina gero gutxieneko lan baldintzak aldarrikatzeko borrokan jarraitu behar dute emakume futbolariek. Ez da bidezkoa”, adierazi du.

Emakume futbolariek adierazi dutenez, Patronalaren ezezkoa errentagarritasun ekonomikoarekin zerikusia du. Goirizelaiaren ustez, “etekin ekonomikoaren irizpideak ezin dira emakume futbolarien eskubideak baino garrantzitsuagoak izan, ezin dira gizarte justu, berdintsu eta orekatu baten aldeko lana baino garrantzitsuagoak izan”.

Bere esanetan, emakume futbolariek “hitzarmen bat behar dute lehenbailehen, errespetua merezi dute eta espero dugu arin lortzea”. “Horregatik guztiagatik, euren borrokan gure babesa eta elkartasuna izango dute”, azpimarratu du.