AKTUALITATEA


| 2023-02-28 11:27:00

EH Bildu udal taldeak Nekane Alonso Berdintasun zinegotziaren agerraldia eskatu du, Bilboko Emakumeen Etxea gauzatzeari buruz Udal Gobernuak dituen asmoen berri eman dezan. Jone Goirizelaia EH Bilduko bozeramaileak adierazi duenez, martxoaren 8aren bezperetan gaude eta legegintzaldiaren amaieran, hortaz, jakin behar dugu zeintzuk diren gobernu taldeak Emakumeen Etxearen inguruan dituen benetako asmoak.

Goirizelaiak gogorarazi duenez, Emakumeen Etxea mugimendu feministaren aldarrikapen historikoa da, EH Bilduk legealdi osoan zehar martxan jartzea sustatu duena, hainbat proposamenen bitartez. Ildo horretan, adierazi du 2020ko aurrekontuetan EH Bilduk lortu zuela gobernu taldeak Emakumeen Etxea sortzeko prozesu parte-hartzaile bati hasiera emateko konpromisoa hartzea, eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren negoziazioan adostutako proiektuetako bat San Frantzisko auzoko Telefonica eraikin zaharrean Emakumeen Etxeari bide ematea izan zen.

“Bada, alde batetik, partaidetza-prozesuari dagokionez, nahiz eta ez den EH Bilduk nahiko zukeen bezala garatu, amaitutzat eman daiteke; eta, bestetik, Bilboko Udalak eta Telefonicak hirigintza-hitzarmena sinatu dute, azken horrek Cortesen eraikina Udalari lagatzeko”, azaldu duenez.

Beraz, nabarmendu duenez, “aurreko urratsak eman dira, eta orain gobernu-taldeak argitu behar du ea Emakumeen Etxea gauzatzeko asmoa duen eta aurrera egitekotan epeak zeintzuk izango diren”. EH Bilduren bozeramaileak adierazi duenez, “ez dago aitzakiarik aurrera ez egiteko, baina  legegintzaldia amaitzear dagoela, eta ez zaigu argi geratzen Udal Gobernuak gai horren inguruan duen konpromisoa eta borondate politikoa”.

Goirizelaiak adierazi duenez, martxoaren 8aren atarian, mugimendu feministak kaleak berriro hartuko dituen egunean, Udal Gobernuak konpromiso argi eta irmoa hartu beharko luke Bilboko Mugimendu Feministaren eskakizun historiko honi behingoz merezi duen erantzuna emateko. Izan ere, “argazkian txapa morearekin ateratzeak ez du ezertarako balio, erakundeek politika feminista eraginkorrak garatzen ez badituzte, eta Bilbon ezin da egun bat gehiago atzeratu Emakumeen Etxea martxan jartzea”, azpimarratu du.