AKTUALITATEA


| 2022-01-13 11:18:00

Bilboko Udalak “Bilbao Plana 2022: Covidaren aurkako 21 neurri berri” plana aurkeztu du gaur. EH Bilduren udal taldeak parte hartu du plan hori prestatzen eta Bilboko eta bilbotarren errekuperazio ekonomikoa eta soziala indartzeko hainbat neurri aurkeztu ditu. Neurri horietako asko onartu dira, eta udal-talde guztiek adostutako neurri-sortaren baitan sartu dira. Jone Goirizelaia bozeramaileak adierazi duenez, ekarpen horiek asko hobetu dute neurri-sorta hori, batez ere, COVID-19ak eragindako ondorio sozio-ekonomikoei modu eraginkorragoan aurre egiteko.

Goirizelaiak gogorarazi duenez, EH Bilduren proposamenen helburuak honako hauek izan dira: pandemiaren ondorioengatik gehien zigortutako sektore eta pertsonak babestea, arrakala digital gero eta handiagoa murriztea, enplegua sustatzea, ikastetxeetan prebentzio-neurriak ezartzea, osasun mentala zaintzea, gure auzoetan kultura bultzatzea eta lankidetza bultzatzea. Hau da, azken batean, bilbotarrak erdigunean jartzea.

Gizarte kohesioa eta arrakala digitala

Horrela, EH Bilduren ekimenez, gizarte-kohesioko neurriak nabarmen handituko dira, hala nola, aldizkakoak ez diren laguntza bereziak, etxerik gabeko pertsonei ostatu emateko funts berezia, etxegabetze-arriskuan dauden familiei arreta ematea eta gizarte-bazterkeria egoeran dauden adingabeentzako eguneko zentroak eta gizarte- eta hezkuntza-programak indartzea.

Era berean, alderdi subiranista pozik agertu da arrakala digitala murrizteko neurri batzuk sartu direlako akordioan, hala nola, adineko pertsonentzako eta kolektibo zaurgarrientzako teknologia berriei buruzko prestakuntza-ikastaroak abian jartzea, bai eta online izapideak egiteko laguntza-zerbitzu pilotu bat ezartzea. Azkenik, EH Bilduren ekimenez, nazioarteko lankidetzaren eremuko neurriak sartu dira, hala nola, garapen bidean dauden herrialdeetan Covid txertaketa indartzeko laguntzak.

Bestalde, alderdi subiranistak deitoratu du akordiotik kanpo neurri garrantzitsuak geratu direla, hala nola, auzoetako jai-batzordeei lagunduz kultura deszentralizatura bideratutakoak; edo hezkuntza-arlora bideratutakoak, esaterako, CO2 neurgailuak eta airea iragazteko ekipoak jartzea hiriko ikastetxe publikoetako haur-hezkuntzako geletan.

“Bilbao Plana 2022: Covid 19aren aurkako 21 neurri berri” plana sinatu ostean, Jone Goirizelaiak gogorarazi du pandemia hasi zenetik alderdi subiranistak eutsi egin diola herritarrei zerbitzua emateko lanari eta konpromisoari. Ildo horretan, gogora ekarri du EH Bildu izan zela Bilbon erreskate proposamen bat egin zuen lehen taldea, eta, ondorioz, Aurrera Plana adostu zela udal ordezkaritza zuten talde guztien artean.

Gogorarazi duenez, ia bi urteko pandemiaren ondoren, “uste genuen urteko udal-aurrekontuaren bidez egiturazko neurriak hartzeko unea zela, baina hori ezinezkoa izan zen, gobernu-taldearen itxitasunagatik”. Testuinguru horretan, Goirizelaiak esan du EH Bilduk “arduraz” jokatzea eta Bilbon “susperraldia” lortzeko itun bat eskatzea erabaki zuela, neurri “erreal eta eraginkor batzuk aurkeztuz”.

Goirizelaiak esan duenez, “EH Bilduk jendearen bizitza hobetzeko aukera guzti-guztiak baliatuko ditu; izan ere, agerikoa da Bilbon neurriak behar direla COVIDaren ondorio ekonomiko eta sozio-sanitarioei aurre egiteko”, eta aurrekontuarekin aukera bat galdu dela kontuan hartuta, espero du gaur lortutako akordioak “Bilboko inor atzean ez geratzeko” balioko duela.