AKTUALITATEA


| 2022-12-27 13:07:00

EH Bilduk iragarri du alegazio batzuk aurkeztuko dizkiola Adif-ek Zorrotzako trenbidearen hiri-integrazioari buruz egindako informazio-azterlanari. Azterlan horrek bi trenbide-pasaguneak kentzea jasotzen du. Alegazioen bidez, proiektua hobetu nahi du EH Bilduk eta horrela, besteak beste, auzoaren erdigunean geltokirako sarbide bat izatea eskatuko du, auzotarrentzat irisgarriagoa izan dadin.

Hala adierazi dute gaur Jone Goirizelaiak, EH Bildu udal taldeko Bilboko bozeramaileak, eta Raul Mendez alderdi horretako batzarkideak Zorrotzan bizilagunekin batera emandako prentsaurrekoan. Bertan adierazi dutenez, “nahiz eta berandu iritsi, azterketa hau egitea albiste ona da, auzoaren zor historiko horri behingoz erantzun behar baitzaio, kontuan hartuta, gainera, azken 35 urteetan 21 pertsona hil direla Zorrotzan dauden bi trenbide-pasaguneetan”.

Goirizelaiak azaldu duenez, alegazioekin, EH Bilduk nahi du proiektu honek auzoaren beharrei benetan erantzutea, sakoneko obra delako eta hasieratik ondo diseinatu behar delako. Hala, alegazioetako batean, alderdi subiranistak eskatu du geltokirako sarbideetako bat, gutxienez, auzoaren erdialdean egotea, A-8ko zubibidearen azpitik, hartara, auzoa zeharkatzen duen sei erraileko autobiak dakarren egungo hesia gainditzeko.

Ildo horretan, zehaztu du informazio-azterlanak Alazne Lopez Etxebarria lorategian sarbide bat planteatzen duela, eta horrek ez duela balio auzoaren erdialdeari zerbitzua emateko, biztanleriaren % 70 inguru biltzen baita bertan. Puntu horretara iristeko, erdiguneko bizilagunek A-8ko biaduktua igaro behar dute pasabide batetik (Caracol zubia), edo pasabide horretako igogailu inklinatua eta Bidegaineko funikularra erabiliz. “Sarbide hori irisgaitza izango da, eta ez da erabilgarria izango auzoko pertsona askorentzat”, gaineratu du.

Hori dela eta, EH Bilduk proposatu du sarbideetako bat erdigunetik hurbilen dagoen leku batean kokatzea, Zorrotza-Kastrexana errepidearen eremuan, hain zuzen ere, inguruko biztanleei zerbitzua emanez, eta etorkizunean Zorrotz-Puntako biztanleei ere, eta, gainera, garraiobideen arteko intermodalitatea bermatuz, Bizkaibusen eta Bilbobusen geltokiak eta Renferen estazio bat baitaude handik gertu.

Metroko 4. linea

Bestalde, Goirizelaiak adierazi du informazio-azterlanak ez duela aurreikusten metroaren 4. lineak txostenean proiektatutako trazadura eta geltokia erabiliko lituzkela, eta, beraz, egungo 57 tren-zirkulazioetatik metroko zerbitzuko 200 zirkulazio baino gehiagora igaroko ginateke.

Hori dela eta, EH Bilduk eskatu du informazio-azterlanak jaso dezala Bilboko metroaren 4. linea trazadura horren bidez iristeko aukera, eta Eusko Jaurlaritzak Euskal Trenbide Sarearen bitartez egindako 4. linearen informazio-azterlanean jasotako datuak kontuan har daitezela geltokiaren dimentsionamenduan eta tarte horren trenbide-jardunean.

“Epe luzerako proiektua da, gauzak ondo egin behar dira, eta, horretarako, funtsezkoa da erakundeen arteko lankidetza. Erakunde guztiak (Madril, Gasteiz eta Bilbo) elkarlanean aritzea eskatzen dugu, proiektua ahalik eta onena izan dadin Zorrotzako eta Bilbo osoko herritarrentzat”, nabarmendu du.

Bestalde, beste alegazio batean, EH Bilduk larrialdietako haizagailuei egiten die erreferentzia, eta kokapena aldatzeko eskatzen du, haiek kokatu nahi diren etxebizitzetatik ahalik eta gehien urrundu daitezen, sortzen dituzten zaratengatik eragozpenak saihesteko.

Mozioa

Jone Goirizelaiak iragarri du alegazio horiek guztiak Asier Abaunza Bilboko Hirigintza arloko arduradunari helaraziko dizkiotela, Bilboko Udalak kontuan har ditzan, Zorrotzako bizilagunen beharrei benetan erantzungo dien proiektu on bat abian jartzeko helburuarekin.

Era berean, gai horren garrantzia kontuan hartuta, EH Bilduk mozio bat aurkeztuko du Bilboko Udalean, alegazioen prozesuaren buru izan dadin eskatzeko, Zorrotza auzoaren erdigune batean lurpeko geltokirako sarbidea izan dezan.

Ildo beretik, EH Bilduk eskatuko du gobernu taldeak kontuan har eta balora ditzala Zorrotzako taldeek eta herritarrek jendaurreko erakustaldian aurkeztutako alegazioak, eta ADIFen eta erakunde eskudunen aurrean esku har dezala, alegazioak aintzat har daitezen. «Bada garaia auzotarrekin dagoen zor historiko hori kitatzeko eta ondo egin behar da», amaitu du.