AKTUALITATEA


| 2022-02-23 10:11:00

Bilboko EH Bildu udal taldeak, biharko osoko bilkuran eztabaidatuko den mozio baten bidez, udal gobernuari eskatu dio 2015eko Publizitate Instalazioen Udal Ordenantzan beharrezko aldaketak egin ditzala, publizitate-hesietan eta eraikinetako  aldamioetako publizitate euskarrietan euskararen presentzia bultzatzeko, iragarkietan elebitasuna bermatuko duten neurri edo arauak ezarriz.

Asier Gonzalezek, EH Bilduko zinegotziak, adierazi duenez, 1982an euskararen normalizaziorako legea martxan hasi zenetik, Bilboko Udalak arau eta kanpaina ugari bultzatu ditu euskararen presentzia bizitza publiko eta pribatuko eremu guztietara zabaltzeko, baina, zehaztu duenez, 2015eko Publizitate Instalazioen gaineko Udal Ordenantza xedatu zenean, “ez ziren beharrezko pausuak eman euskararen erabilpena arautzeko”.

“Ondorioz, mezu publizitarioen ze hizkuntza erabili behar den marka pribatuen esku dago eta,  marka gehienek gaztelera hautatzen dute hizkuntza bakar gisa”, gaineratu du.

Bere esanetan, “paisaia erdaltzale hau oso agerikoa” da modan jarri diren euskarri berrietan, fatxadetako aldamioetan, hain zuzen ere. “Kasu duinen bat kenduta, gehienetan gaztelera hutsezko aldamio eta publizitate-hesiak aurkitzen ditugu Bilboko kaleetan, eta Bilboko Udalak ez du oraindik tresnarik garatu elebitasuna bermatzeko”, nabarmendu du.

Horregatik, 2015eko Ordenantzak bere artikulu bilduman euskara eta gazteleraren arteko ekilibrioa bultzatzeko arauren bat jasotzea proposatu du EH Bilduk, bereziki hesiei edota aldamioei dagokien bi atalen baitan.