AKTUALITATEA


| 2024-06-20 12:14:00

Maria del Rio EH Bilduko udal bozeramaileak gaur iragarri duenez, bere alderdiak ekaineko osoko bilkuran eztabaidatuko diren proposamen batzuk aurkeztu ditu, "fiskalitate justuagoa eta progresiboagoa" lortze aldera. Proposamen horiek lau arlotan dute eragina: progresibotasunean, trantsizio ekologikoan, zaintza publikoetan eta etxebizitza eskubidean.

Ildo horretan, adierazi du, ordenantza fiskalei egindako hainbat zuzenketen bidez, kaleen sailkapen fiskalean progresibotasuna bermatzea eskatzen dutela, zazpi kategoriari eutsita. Era berean, mozio baten bidez gehien birziklatzen duenak gutxiago ordaintzea, Etxez Etxeko Arreta Zerbitzuaren bidezko prezioa bermatzea, eta etxebizitza hutsei OHZn errekargua ezartzea proposatu du EH Bilduk.

Maria del Riok ohartarazi duenez, gobernu taldeak onartu nahi duen kaleen sailkapen fiskalarekin (zazpi kategoria fiskal izatetik bost izatera igaro da) "progresibitatea galduko da, eta modu negatiboan eragingo die auzo xumeenei". Era berean, gobernu taldeari erantzun dio "ez dela egia hiriak kohesio ekonomiko handiagoa duenik".

"De facto, seigarren eta zazpigarren kategorietan zeuden auzoak bosgarren kategoriara pasatzen dira; beraz, Peñaskal, Masustegi edo Larraskitu bezalako auzoek tasa eta zerga batzuetan % 50 gehiago ordaindu beharko dute, eta Arangoitik eta Otxarkoagak, berriz, tasa batzuetan % 30eko igoera izango dute. Aitzitik, lehen kategorian dauden auzoek ez dute inolako aldaketarik ", azaldu du.

"Arangoitiko herritarrek, adibidez, zabor tasagatik 10 euro baino gehiago ordaintzen duten bitartean, Kale Nagusikoek gauza bera ordaintzen jarraituko dute", adierazi du. Ildo horretan, gaineratu duenez, errenta xumeenak dira gainera igoerak pairatuko dituztenak, berentzat askoz zailagoa denean igoerei aurre egitea".

EH Bilduko bozeramailearen arabera, "kategoria kopuru berari eusteak aukera ematen du egungo bideetan aipatu ditugun ezohiko tasen igoerak saihesteko eta abiapuntu ezagun batekin balio berriak planteatzeko".

 

Etxez Etxeko Arreta eta birziklatzea

Bestalde, EH Bilduko bozeramaileak kritikatu du udal gobernuak ez duela zuzendu nahi Etxez Etxeko Arreta zerbitzuaren prezioen igoera neurrigabea, urtarrilaren 1etik indarrean dagoena, zerbitzu honi dagokion tasa aldatu ez duelako. Horrela, mozio baten bidez, etxez etxeko arreta zerbitzuetan 14 euroko gehieneko prezioa ezartzea eskatzen dutela adierazi du, oinarrizko zaintza eta eskubide subjektiboa den zerbitzu hori behar duten bilbotar guztiek eskuratzeko aukera izan dezaten ". Izan ere, prezioen igoeren ondorioz, pertsona askok uko egin behar izan diote zerbitzu horri.

Bestalde, Maria del Riok deitoratu du Udal Gobernuak ez duela zehaztuko herritarrek ordainduko duten zabor-tasa berria, hondakin gehien sortzen duenak gehiago ordain dezan eta gehien birziklatzen duenak gutxiago, nahiz eta EH Bildurekin hartutako konpromisoa izan. Horrela, edukiontzi marroia gaika biltzeko udal programan aktiboki parte hartzen dutenei hobariak ezartzea eskatu du alderdi soberanistak.

Azkenik, alderdi subiranistak etxebizitza hutsie, hamar urtetan erabili ez direnak, OHZren errekarguaren % 50 ezartzea eskatu du. "Etxebizitza-arazo larria dugu Bilbon eta aurre egiteko neurriak hartu behar dira, eta horietako bat fiskalitatea da", adierazi du.

"Azken batean, fiskalitate justuagoa eta progresiboagoa lortzeko hainbat neurri aurkeztu ditugu, baita trantsizio ekologikoan aurrera egiteko eta zaintza publikoa eta etxebizitza eskubidea bermatzeko urratsak emateko ere", amaitu du.