EH Bildu udal taldeak akordio bat lortu du Funicular SA enpresa publikoa erronka berrietara egokitu dadin, zerbitzuaren egungo eta etorkizuneko beharrei erantzuteko, enpleguaren mantentzea bermatuz. Gobernu taldearen eta EH Bilduren arteko zuzenketa bat onartu ostean lortutako akordioa da, alderdi soberanistak egindako proposamen baten ondorioz.
Karlos Renedo EH Bilduko zinegotziaren ustez, akordio "garrantzitsua" da, "funikularraren digitalizazioaren aurrean, enplegua galtzeko berehalako arriskua baitzegoen". "Onartutako proposamenarekin, 30 langileko plantillari eustea lortu dugu, enpresa publikoak bere gain hartzen dituen funikularrean zein eskaileretan eta arrapala mekanikoetan zerbitzu ona eskaini ahal izateko, erabilerak handituz doaz urte batetik bestera”, azaldu du.
Ildo horretan, Renedok zehaztu duenez, funikularraren kasuan, "Hiribilduaren erdialdea aisialdirako gune nagusienetako batekin (Artxanda) lotzeaz gain, Bilboko ikur turistiko bihurtu da". Bere esanetan, azken 20 urteetan hirukoiztu egin da erabiltzaileen kopurua, eta azken 3 urteetan % 55, % 40 eta % 25eko igoerak izan dira.
"2023an 1,1 milioi pertsona garraiatu zituen, 2022an baino 100.000 gehiago, eta aurten marka hobetzea aurreikusten du, 1,2 milioira iritsiz", azaldu du, eta datu horiek azken 10 urteetan 4 aldiz biderkatu den diru bilketan ere islatu direla gaineratu du. Era berean, gogorarazi du gaur egun geltokia birmoldatzeko obrak egiten ari direla zerbitzua hobetzeko, baina, horrez gain, etorkizuneko bagoiak diseinatzen ari direla, eta horrek, argi eta garbi, "lan-premia desberdinak" ekarriko dituela.
Renedok gogorarazi du, halaber, enpresa publiko hori ez dela soilik funikularraz arduratzen, baita 70 igogailu eta 20 eskailera eta arrapala mekanikoez ere, guztiak ere udalekoak eta doakoak, eta "ezinbestekoak bihurtu direla milaka bilbotarren bizi-kalitaterako".
Esan duenez, iaz 19 milioi pertsonak erabili zuten mugikortasun bertikaleko elementu horietakoren bat, eta aurten 20,4 milioi izango direla aurreikusten da. Gainera, igogailuen kopurua urtez urte handituko da. "Zalantzarik gabe, gure herria mugikortasun bertikalaren aroan murgilduta dago, eta, jakina, hala izan behar du, baina zalantzarik gabe, zerbitzu horien kudeaketak eginkizun eta lan berriak dakartza enpresaren barruan", adierazi du.
Renedok adierazi duenez, azaldutako guztiak agerian uzten du beharrezkoa dela 30 pertsonako plantillaren mantentzea bermatzea, "zerbitzu guztien funtzionamendu egokia eta lan-eskubideak bermatu ahal izateko". "Izan ere, hala helarazi digute behin baino gehiagotan langileek", gaineratu du. Adibidez, "funikularreko leihatiletan tiketak saltzeaz gain, hiriko igogailu guztien funtzionamendua kontrolatzen da. Horrek agerian uzten du bestelako antolaketaren beharra", adierazi du.
Horregatik guztiagatik, EH Bilduko zinegotziak nabarmendu du gai horiek guztiek eta funikularraren digitalizazioaren berehalako erronkak Funicular S.A. enpresaren funtzioa eta lanak birplanteatzea eskatzen dutela. "Espero dugu gaur lortutako akordioa baliagarria izatea egoera berrira egokitzeko eta etorkizun hurbilari aurre egiteko, egungo lanpostuei eusteaz gain, zerbitzuak hobetzeko enplegu publiko berriak sortu ahal izateko", amaitu du.