AKTUALITATEA


| 2024-02-26 12:34:00

Udal Gobernuak Abandoko geltokiaren ingururako aurkeztu duen proposamenaren aurrean, EH Bilduren honako hau proposatu du: gune berde handi bat, hurbileko zerbitzu asko, bizitza soziala dinamizatzeko jarduerak ahalbidetu eta Abando beste auzoekin konektatu, egungo lubakia ezabatuz. Halaber, lurzoru publikoa dela kontuan hartuta, EH Bilduk alokairuko etxebizitza publiko ahalik eta gehien izatea defendatu du, egungo etxebizitza arazoari erantzuteko eta bizilagunak auzoetatik kanporatuko dituen joera gentrifikatzailea saihesteko.

"EH Bilduren konpromisoa auzoak eztabaidaren erdigunean jartzea eta ‘pelotazoaren’ ereduarekin amaitzea da", nabarmendu du Karlos Renedo EH Bilduko zinegotziak, alderdi soberanistak militanteekin batera egindako bileran. Bertan, EH Bilduko kideek Udal Gobernuak aurkeztutako proposamena aztertu eta ikuspuntuak eskaini dituzte.

Renedok azpimarratu du Abandon garatuko den proiektua "estrategikoa" izango dela Bilborentzat; izan ere, 130.000 metro karratu izango ditu hiriaren erdigunean, eta inguruko auzoak ez ezik, hiriaren garapena bera ere markatuko du.

Hala ere, EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, Udal Gobernuak aurkeztutako proiektuarekin "aukera bat galdu" da "alokairuko etxebizitza publikoaren aldeko benetako apustua egiteko". "Hirian dugun bizitegi-arazo larria eta lurzorua dagoeneko jabetza publikokoa dela kontuan hartuta, espazio horretan ahalik eta alokairuko etxebizitza publiko gehienen aldeko apustua egin behar zen, eta ez gutxienekoa, PNV-PSEk planteatzen duten bezala, etxebizitza-eskubidea bermatzeko konpromiso eskasa erakutsiz", adierazi du.

Karlos Renedoren ustez, Abandorako proiektuak balio beharko luke "hamarkadatan lubakiak sortu duen arrakala sozial eta espazialarekin amaitzeko, egun eta etorkizunean bizi direnentzat  hurbileko ekipamenduak sortzeko eta ondoko bost auzoei zerbitzua emango dien parke handi bat egiteko". Era berean, egungo industria-ondarea mantentzearen alde egin du, baita egungo estazioaren estalkia mantentzearen alde ere, espazio estali gisa erabil baitaiteke jarduerak programatzeko.

Era berean, gogorarazi du EH Bilduk proposatu zuela egungo geltokiaren lonjak tokiko merkataritza-haztegi bat sortzeko erabiltzea, gazte ekintzaileek espazio fisiko bat izan dezaten beren ideiak garatzeko eta enpresa-ekimenak sendotzeko, hirian berrikuntza sustatuz tokiko merkataritzaren bidez, lonja hutsak gune aktibo eta produktibo bihurtuz. Zoritxarrez, esan duenez, Udal Gobernuak proposamena baztertu zuen.

"Beste garai bateko makro proiektuak"

EH Bilduko zinegotzia kezkatuta agertu da Udal Gobernua hiria "makro proiektuekin" diseinatzen ari delako.  Bere esanetan, plan horiek "marketin kanpainetarako balio dute, baina gauzatzeko zailak dira eta denboran luzatzen dira". Abandokoak 1.000 etxebizitza inguru ditu proiektatuta, Zorrotzaurreko 2003ko planak 5.000 etxebizitza inguru eta orain dela lau hilabeteko Zorrotzako lurmuturrerako aurkeztutakoak beste 2.000 etxebizitza.

"Beste garai bateko makro proiektuak, errealitateak behin eta berriz erakusten digun moduan, gutxi batzuen interes ekonomikoen menpe daudenez, denboran zehar luzatzen dira, kaltetuak beti berdinak diren bitartean: konponbiderik eza pairatzen duten Bilboko egungo bizilagunak", azpimarratu du.