Bilboko hiriaren egoerari buruzko Osoko Bilkuran, Maria del Rio EH Bilduko udal bozeramaileak adierazi du “Bilbok uko egin diola abangoardia izateari, ez bakarrik Bizkaiarentzat, baita Euskal Herri osoarentzat ere", Udal Gobernuak "agortutako eredua" berresten baitu, "ilusiozko proiekturik eta berrikuntza sozialik gabekoa". "Badirudi batzuk korrontea jarraitzearekin konformatzen direla", gaineratu du.
Egoera horren aurrean, EH Bildu "ez dela konformatzen eta etorkizunari aurreratu behar dela” esan du, “herritarrak berrikuntza sozialaren protagonista bihurtuz”. "Herritarren eta auzoen beharrei erantzun behar zaie, eta Bilbo erreferente bihurtu behar da, besteak beste, gizarte-, hizkuntza-, hezkuntza-, zaintza-, etxebizitza-, kultura- eta merkataritza-politiketan", nabarmendu du.
Del Riok azpimarratu duenez, Bilboren balio nagusia bertako jendea da, eta "gure lana ez da herritarrak tutelatzea, ordezkatzea baizik". Ildo horretan, La Casillako bizilagunekin inguruaren etorkizuna definitzeko edota Alde Zaharrekoekin Esperantza frontoiaren erabilera definitzeko norbaitek hitz egin duen galdetu du. Era berean, Emisio Gutxiko Eremua ere “goitik beherako prozesua” izan dela esan du, eta Udal Gobernuak, berriz, euskararen ordenantzari “uko egin diola, Bilboko euskalgintzak eskatu arren”. Horren harira, Bilboko udal gobernuak parte hartzearekin eta gardentasunarekin “defizit argia” duela adierazi du, eta "herritarrak protagonista egingo dituen gobernantza eredu kooperatibo bat" defendatu du.
Bere ustez, "`res publika´ delakoari balioa eman behar zaio, gobernantza kooperatibotik etorriko dena, baina beharrezkoa da baita kalitatezko zerbitzu publikoak garatzea". Hala ere, Casillako, Esperantzako, Deustuko Erriberako, Zorrotzaurreko eta Artxandako adibideak aipatu ondoren, Udal Gobernuak "eredu zaharkitua, pribatizazioaren eredua" defendatzen duela ohartarazi du.
Etxebizitza, zaintza eta segurtasuna
EH Bilduko bozeramailearen esanetan, Udal Gobernuak bizitegi-krisiari aipatutako “politika publiko zaharkitu horiekin ere eman nahi dio erantzuna”. "Etxebizitzaren prezioak eskaintzari eta eskariari erantzuten diela pentsatzea fede-ekintza bat da, gutxienez", adierazi du. Del Rioren esanetan, "etxebizitza eskubidea bermatzeko modu bakarra esku-hartze publikoa" da eta, ohartarazi duenez, “etxebizitza babestuetan legeak ezartzen duen gutxienekora joatea ez da etxebizitza eskubidea bermatzeko urratsak ematea, espedientea betetzea baizik".
Maria del Riok zaintzaren arloa ere azpimarratu du, izan ere, arlo horretan "atzerapauso handiak eman dira: udal anbulantzia eta eriondoen zentroa desagerrarazi dira, Etengabeko Arreta Guneak (PAC direlakoak) jo puntuan jarri dira, Etxez Etxeko oinarrizko Zerbitzutik jendea kanporatua izan da eta zer esan Gizarte Larrialdietako Zerbitzuaz, SMUSaz”. "700 milioi euro baino gehiagoko aurrekontuarekin”, EH Bilduko bozeramailearen ustez, Bilbo “abangoardian egon beharko litzateke" zaintza arloan, baina horren ordez "aitzakiak baino ez ditugu entzuten, edo ‘efecto llamada’z hitz egiten da".
Del Riok ziurtatu duenez, EH Bilduk ez du "eztabaidarik ekidituko", segurtasunari buruzko negoziazioan erakutsi duen bezala. Ildo horretan, adierazi duenez, "beharrezkoa da segurtasun itunaren filosofia Udaltzaingoaren egunerokotasunera eramatea, adostutako neurriak garatuz eta aplikatuz". "Ez dugu txeke zuririk emango: negoziazioa, adostasunak eta elkarlana. Hori da gure eskaintza ", azpimarratu du.
Akordioak
Del Riok adierazi du “zintzoki” uste duela adostasunetara heldu daitezkeela, ”baina helburu zein eduki zehatzekin”. "Akordioek bilbotarren bizitzak hobetzeko izan behar dute, eta ez agortu den kudeaketa eredu bat elikatzeko", argitu du.
EH Bilduko bozeramaileak gogorarazi duenez, "bilbotarrek hemen jarri gintuzten alternatiba gisa, eta logika horrekin ari gara lanean". Ildo horretan, "hiri bezala erronka handiak dituztela” esan du.
Aipatu duenez, “trantsizio ekologikoan pausoak emateko garaia da, hiria berdetuz, Sader eta Profersa hirigunetik ateraz, mugikortasuna eta garraio publikoa irauliz… Politika feministak garatu behar dira, emakumeen etxearen proiektua burutu beharra dago, zaintza eta pertsonak erdigunean kokatu; auzoak zaindu behar dira, kohesio soziala bultzatuz”.
“Hezkuntza komunitateak sortu eta indartu behar dira. Gazteriaren parte hartzea eta ongizatea bermatu behar da, beren bizitza proiektua Bilbon garatu ahal izateko. Euskarak bultzada bat behar du eta euskalgintzari eskua zabaldu behar zaio; ezin dugulako onartu euskaldun gehien duen hirian euskaldunak bigarren mailako herritarrak izatea. Bilbo harrera hiria bilakatu behar da, urgentziaz”, gaineratu du.
“Gure maxima, Angela Davisek zioen bezala, aldatu ezin diren gauzak ez onartzea da, baizik eta onartu ezin diren gauzak aldatzea. Hemen gaude aldaketa hori bultzatzeko eta dagokionari gogorarazteko inoiz ez dela berandu aldaketarako”, esan du.