EH Bildu Bilboko udal taldeak 2025-2035 Bero Plana martxan jartzea eskatu du, klima-aldaketak duen eraginaren aurrean, Bilbo hiri erresilienteagoa izan dadin. Garazi Perea eta Karlos Renedo alderdi subiranistako zinegotziek osteguneko Osoko Bilkuran aurkeztuko duten proposamen horren berri eman dute gaur eskainitako prentsaurrekoan.
Bertan, klima aldaketa errealitate bat dela gogorarazi dute, eta horren ondorioetako bat tenperatura altuak direla, Bilbon jada 43,6 graduko tenperatura maximoak lortuz. "Proiekzio klimatikoen arabera, 2050 urtearen bueltan ohikoak izango dira bero bolada luzeak, astebetez luzatuko diren 38 gradutik gorako tenperaturekin, 50 gradura ere helduz", adierazi du Pereak.
ldo horretan, adierazi duenez, ekainaren 1etik irailaren 18ra 124 pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan arrazoi horrengatik, horietako 84 Bizkaian, eta Londresko Imperial Collegek egindako ikerketa baten arabera, "uda honetan Bilbon beroak eragindako heriotzen %63a klima-aldaketaren ondorio dira". Gaineratu du egoera ahulean dauden kolektiboek askoz ere modu nabarmenagoan jasaten dituztela beroaren ondorioak, beren osasunagatik edota egoera sozioekonomikoagatik.
Testuinguru horretan, Perearen ustez, "premiazkoa da" 2025-2035 Bero Plan bat egitea eta bertan hainbat neurri jasotzea, hala nola, babesleku klimatikoen sarea zabaltzea; bero-boladetan aktibatzeko protokolo bat, beroarekin kalteberagoak diren kolektiboekin lan egiten duten pertsonei zuzendutako jardunbide egokien gida bat; haurreskolak, eskolak eta gizarte-zerbitzuak klima-aldaketara egokitzeko plan bat; eta hiri-itzaleko irtenbideen eta zoladura islatzaile erreplikagarrien proba pilotu bat.
Barne- eta kanpo-babesleku klimatiko bat barruti bakoitzeko
Klima-babeslekuen sarearen zabalkundeari dagokionez, Renedok azaldu du "barruti bakoitzeko gutxienez barneko eta kanpoko klima-babesleku bana bermatzea" eskatzen dutela. Barruko aterpeei dagokienez, azaldu du gaur egun Bilbok dituen barruko aterpe klimatikoen ia % 54a ez daudela jaiegunetan irekita, eta horietako asko merkataritzaguneak direla, kontsumoari lotuak. Horrenbestez, barruti bakoitzak babesleku bat izatea defendatu du, "behar bezala seinaleztatuta, doakoa, ura eta eserlekuekin eta udako hilabeteetan irekita egongo dena, larunbatak, igandeak eta jaiegunak barne". Kanpoko aterpeen kasuan, esan dutenez, beharrezkoa da ur jokoak izatea bero handiko egunetan, Bilbon dauden pertsonek aire zabalean gozatzeko aukera izan dezaten.
Bestalde, sindikatuekin lankidetzan, EH Bilduk eskatu du bero-boladetan aktibatzeko protokolo bat ezar dadila, udal-langileei eta udaleko kontrateetako langileei zuzendua. Aldi berean, beroaren aurrean ahulenak diren kolektiboekin lan egiten duten pertsonei zuzendutako jardunbide egokien eta gomendioen gida bat egitea proposatu du; eta, beroaren aurrean ahulenak diren kolektiboei lotuta, haurreskolak, eskolak eta gizarte-zerbitzuak besteak beste, adinekoen egoitzak, klima aldaketara egokitzeko plan bat ere proposatzen dutela adierazi du Renedok. "Jakin badakigu zerbitzu horiek hartzen dituzten eraikinetako batzuk ez daudela egokituta eta tenperatura oso altuak jasaten dituztela,", azaldu du.
Azkenik, EH Bilduk bero-irlak saihesteko irtenbide arkitektoniko jasangarrien proba pilotu bat egitea proposatu du. Renedok gogorarazi du Murtzia, Bartzelona eta Nafarroako hainbat udalerritan irtenbide berritzaileak ezartzen ari direla hiriko bero-uhartearen efektua arintzeko eta Bilbon ere tenperaturak kontuan izanda hasi beharko ginateke.
"Bero latzera egokitzeko plan integral bat garatzea planteatzen dugu, eta horrekin akordio batera iristea espero dugu, Bilbok eta bilbotarrok behar dugulako", azpimarratu du.