AKTUALITATEA


| 2026-05-12 09:46:00

Udal garabien flotaren egungo egoerak dituen arriskuen aurrean, EH Bildu udal taldeak maiatzeko osoko bilkuran mozio bat erregistratu du, bide-segurtasuna eta udal garabietako langileen segurtasuna bermatzeko premiazko neurriak hartzeko eskatuz.

Patxi Xabier Fernandez EH Bilduko zinegotziak zehaztu duenez, egun udal garabiak zazpi dira eta, duela bi urtetik, hainbat arazo dituzte. “Horien ondorioz, euren funtzionamendua ez da egokia eta arrisku bat dira bai langileentzako baita hiriko bide segurtasunarentzako ere”, azaldu du.  Gainera, bere esanetan, “kontuan hartu behar da askotan kontratatutako zerbitzuarekin bat ez datozen zereginetarako erabiltzen direla, hala nola ekitaldien logistikarako”.

Fernandezek azaldu duenez, udal garabietako langileek hainbat instantziatan salatu dute egoera hori, bai Lan Ikuskaritzan, bai Bilboko Udaleko giza baliabideen arloan.

Esan duenez, Udal Gobernua “egoeraren jakitun” da, aurkeztutako salaketen ondorioz eta Eusko Jaurlaritzak berak egindako txostenengatik. “Hala ere, ez du neurririk hartu garabiek dituzten akatsak konpontzeko", adierazi du.

Egoera horren aurrean, EH Bilduko zinegotziaren ustez, "premiazkoa da neurriak hartzea", "dauden akats guztiak konpontzeko, txikiak zein larriak, garabien udal zerbitzuaren funtzionamendu egokia eta, batez ere, langileen eta gainerako pertsonen segurtasuna bermatzeko".