Abiadura handia Bilbora eramateko hainbat erakundek gaur aurkeztu duten proiektua aldatu ostean, Karlos Renedo EH Bilduko zinegotzia "kezkatuta" agertu da Abandoko zonaldearen garapen urbanistikoagatik. "Beti esan dugu AHTk ez duela zonalde horren garapena hipotekatu behar, baina ez da horrela izan, eta inguruko herritarrek hamarkadak daramatzate zain", adierazi du.
Adierazi duenez, "EAJ-PSE tandema beste behin inprobisatzen ari da. Gaur, proiektu berri hori eszenaratzean, 30 urte geroago AHTa Bilbora nola, noiz eta zein preziotan iritsiko den ez dakitela baieztatu dute". "Inprobisazioak 4.800 milioi euroko gainkostua sortu digu", gaineratu du.
Renedok nabarmendu duenez, Bilborentzat Abandoko trenbideen zonaldea "espazio estrategikoa da, aukerak eskaintzen dituena”. “Ez soilik hirirako 130.000 m2 berreskuratzeko aukera ematen digulako, -(San Mameseko 3 estadioko azalera)-, baizik eta trenbidea lurperatzeak Zabala, Bilbo zaharra, Abando eta Irala auzoak hamarkadetan banatzen dituen lubakia kentzea ahalbidetzen duelako", nabarmendu du.
EH Bilduko zinegotziak gogorarazi duenez, 2021ean, egungo alkateak adierazi zuen Bilboko Udalak AHTa lurpetik Hiribildura iristea jasotzen duen proiektu baterako soilik jarriko zuela dirua; eta 2025eko otsailean, alderdi guztiek adierazi zuten udalbatzan geltokia lurperatua izan behar zela.
"Gaur, ordea, baieztatu digute, eperik eta aurrekonturik gabe, estazioa behin-behinean gainazalean izango dela, behin-behinekotasun hori hamarkadetarako izateak dakarren arriskuarekin, Termibusekin gertatu zen bezala", amaitu du.