AKTUALITATEA


| 2021-03-25 16:31:00

Jone Goirizelaia, EH Bildu udal taldeko bozeramailea, pozik agertu da, talde soberanistak aurkeztutako mozio bati esker, Bilboko Udalak “aurrerapauso garrantzitsua” eman duelako euskal selekzioaren ofizialtasunaren alde, Gobernu taldeak (EAJ eta PSE) aurkeztutako zuzenketa onartu ostean.

"Egia da ez dela gure proposamena onartu dena, baina aurrera atera den zuzenketa aurrerapauso garrantzitsua da ofizialtasunaren norabide onean; izan ere, zuzenketa horren bidez, PSE-EEk konpromisoa hartzen du nazioarteko ofizialtasuna sustatzea erabakitzen duten kirol federazioen erabakia errespetatzeko eta prozesu horretan laguntzeko", azaldu du.

Goirizelaiak "positibotzat" jo du PSE-EEren "konpromiso" hori, "euskal selekzioaren ofizialtasuna onartzea" suposatzen baitu, eta Alfonso Gil bozeramaileari eskatu dio "bere alderdiak gobernatutako Espainiako Gobernuari helaraz diezaiola,  berak mugitu behar baitu fitxa eta demokrazia ariketa bat egin".

"Espainiako Gobernuak eta, bereziki, Espainiako Futbol Federazioak euskal gizartearen eskaera demokratikoa errespetatu behar dute, errealitatearekin talka egiten duten argudio antzuak bilatu beharrean; izan ere, asko dira nazioarteko futbol elkarteetako kide diren estatua ez diren lurraldeen adibideak: Gales, Gibraltar, Irlanda…", adierazi du,

Ildo horretan, adierazi duenez, "euskal selekzioa gauzaezina bada, Espainiako Futbol Federakundeak hala inposatzen duelako da, Euskal Federazioaren, Eusko Jaurlaritzaren eta euskaldun gehiengoaren nahia ukatzen duelako".

Bere esanetan, "borondatea badago, erabat gauzagarria da, eta horrela eskatzen jarraituko dugu, herrialde bat garelako eta eskubideak ditugulako". Goirizelaiak gogorarazi duenez, "hori da herrialde honen gehiengoaren iritzia, euskal selekzioek nazioarteko lehiaketetan parte hartzea eskatzen duena, 'Gu ere Bai' ekimenaren manifestuan erakutsi zen bezala, horretara diziplina guztietako 750 euskal kirolari profesional eta amateur inguru atxiki ziren".

Halaber, azaldu duenez, "euskal selekzioaren aldeko gehiengoaren sentimendu hori Euskal Futbol Federazioak eta Eusko Jaurlaritzak UEFAra eta FIFAra eraman dute, lehenengoa eskubide osoko kide gisa onartzeko eskatu baitiete, eta horrek Euskadik selekzio ofiziala izatea ekarriko luke”.

Beraz, "bide horretan EAJrekin eta PSErekin bidean elkartzea espero dugu, eta Euskal Selekzioaren kamiseta berdearekin bidea elkarrekin egitea, gure kolorea berdea delako, eta ez gorria, inposatu nahi diguten kolorea, eta gabezia demokratiko larriak dituen herrialde bat ordezkatzen duena; oinarrizko eskubideak errespetatzen ez dituen herrialdea, hain zuzen ere", gaineratu du