AKTUALITATEA


| 2024-12-13 13:14:00

 

Angelica Orozco EH Bilduko zinegotzia kezkatuta agertu da gaur Azkuna Zentroaren espazio artistikoen pribatizazioarekin, zentro horren espazio bat La Caixa Fundazioari laga ondoren. "Arlo publikoaren pribatizazioan beste urrats bat da, Udal Gobernuaren pribatizazio zerrenda luze bati gehitzen zaiona eta, kasu honetan, kulturaren eremuari eragiten diona", adierazi du. 

Orozcok gogorarazi du EH Bildu urrian ere kezkatuta agertu zela balizko lagapen honen inguruan, eta gai horren berri eman zuela zuzendaritza kontseiluan, eta horri buruzko galderak ere aurkeztu zituela Osoko Bilkuran. 

Bestetik, adierazi du EH Bildu bat datorrela espazio publiko bat erakunde pribatu bati lagatzearen inguruan hiriko hainbat kultur eragilek erakutsi duten kezkarekin. "Kultura arlo publikotik bultzatu beharrean, kulturara eta arte sorkuntzara bideratutako espazio publiko urriak pribatizatzen ditu Udal Gobernuak", gaineratu du. 

Bere webgunean irakur daitekeenez, Azkuna Zentroaren ikuspegia espazio publiko askotarikoa eta gizarte eta kultura garaikidean erreferentea izatea da, hala hemen nola nazioartean. Baita Lurraldea eta biztanleak eraldatzeko epizentroa izatea ere. "Azkuna Zentroko espazioak pribatizatzea filosofia horren aurka doa, publikoa izateari utzi eta Udalarenak ez diren interesen menpe geratuko baita", amaitu du. 

Haren ustez, "hiriak kulturarako sarbidea demokratizatu behar du, eta prozesu horien parte bihurtu behar ditu herritarrak, hauek ahaldunduz, kontsumitzaileak izateari uzteko eta subjektu aktibo izan daitezen"