AKTUALITATEA


| 2019-07-19 14:30:00

~~EH Bildu Bilbok “begi onez” ikusten du udal kiroldegi berriak irekitzea Bilboko auzoetan, baina Jone Goirizelaiaren, EH Bilduko Bilboko udal taldearen bozeramalearen esanetan, kiroldegi horiek herritarrei zerbitzu ona eskaini ahal izateko “ezinbestekoa” da langileek “lan baldintza duinak” izatea.
Ildo horretan, Jone Goirizelaiak; Bilboko alkate Juan Mari Aburtori eskatu dio Bilbao Kirolak-en “egun dagoen lan gatazkari lehenbailehen irtenbidea emateko”. “Zerbitzu publikoak diren heinean, Udalaren eskumena dira langileen lan baldintzak, eta Aburtok ezin du ez-ikusiarena egin eta arazoa azpikontrataren ardurapean utzi”.
Goirizelaiak adierazpen hauek egin ditu gaur San Mameseko udal kiroldegiaren inaugurazioan. Jone Goirizelaiak eta Asier Gonzalezek, EH Bilduko Bilboko zinegotziek, inaugurazioan parte hartu dute eta, era berean, Bilbao Kirolak-eko langileekin egon dira euren aldarrikapenekin bat egiteko,  bertan kontzentrazioa egin baitute.
Bilbao Kirolak-eko langileak maiatzetik grebak egiten ari dira dagozkien eskubideak aldarrikatzeko. Gaur lanuzte partzialak egiten ari dira eta uztailaren 23an, asteartean, egun guztiko greba egingo dute.
Horren ondorioz, Goirizelaiak adierazi duenez, “herritarrek lanuzteetan ezin dituzte udal igerilekuak erabili, gainera udan, bilbotar askok kanpoko igerilekuekin gozatzen duten garaian”. Horrez gain, gaineratu duenez, “lanuzteetan gimnasioak begirale barik gelditzen dira eta horren ondorioa erabiltzaileen segurtasun falta da”.
Hortaz,  Goirizelaiak Aburtori Bilbao Kirolak-eko lan gatazkari “ahalik eta arinen irtenbidea emateko eta langileen lan baldintza duinak bermatzeko” eskatu dio, “alkatearen ardura eta erantzukizuna delako”. “Udal kiroldegien aldeko apustu argia egiten dugu, herritarrei kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzeko eta horretarako ezinbestekoa da langileek lan baldintza onak izatea”, azpimarratu du.